Ziztada Gune Askeko 7 gazte auzipetu dituzte, usurpazioa egotzita

OLYMPUS DIGITAL CAMERAZornotzako Ziztada Aske Guneko zazpi gazte auzipetu dituzte, Luis Urrengoetxea kalean dagoen lokal abandonatu bat okupatzeagatik. Irailaren 11an deklaratu beharko dute Durangoko epaitegian, usurpazio delitua egotzita.

Gazte horietako bi Ertzaintzak identifikatu zituen lokalean zeudela. Gainerako bostei zitazioa etxera heldu zaie, aurretik inork identifikatu barik.

Ziztada Gune Askean agerraldia egin zuten atzo gertatzen ari denaren berri emateko eta okupazioaren xehetasunak emateko. Lokala “10 urtetan itxita eta abandonatuta” egon dela gogora ekarri zuten eta hasiera hasieratik jabearekin hitz egin zutela eta harekin akordio batera iristea izan zela helburua azpimarratu dute.

“Lokal hau 10 urte baino gehiago itxita eta abandonatua egon eta gero, maiatzaren 23an gazte talde batek okupatu genuen, dirua oinarri izango ez duen kultur eta aisialdi-ereduak herrira zabaldu eta herritarren topaleku askea eraikitzeko helburuarekin”, azaldu dute.

“Lehenengo momentutik jabearekin kontaktuan egotea eta akordio batera heltzea izan zen gure asmoa, horregatik jabea lokaletik pasatu zenean denon artean hitz egin genuen. Nahiz eta gure borondatea ona izan, jabeak salaketa jarri zuen gure aurka eta egun 5 gazte gaude inputatuta usurpazio delituarekin”, deitoratu dute.

Lokalaren jabeari deia

Auzipetuak zigorrak eta isun ekonomikoak jasotzeko arriskuan daudela ohartarazi dute eta, horrenbestez, jabeari salaketaren inguruko hausnarketa egiteko gonbita luzatu diote.

“Ez dugu ulertzen jabearen portaera, bere herrikideei salaketa jartzea, ekintza honek ekarri nahi duen guztiagatik (zigorrak, 120tik 1.800 eurora bitarteko isunak…). Ez dugu ahaztu behar lokala aspalditik zegoela abandonatuta, oso zikin eta egoera txarrean. Guk dena garbitu dugu, apurtuta zegoena konpondu (uraren tuberiak, argiak, zorua, etab) eta egoera onean mantentzen dugu. Lokala berpiztu, erortzeko arriskutik libratu eta ziztadaz ziztada bizia eman diogu”, nabarmendu dute.

Horregatik, “hemendik jabeari deialdi bat egiten diogu salaketen kontua birpentsatzeko eta lokalera sartu ginenean bezala negoziatzeko gure borondatea azaltzen diogu”, iragarri dute.

Ziztada Egune, uztailaren 24an

Gauzak horrela, Ziztada Gune Askeko asanbladak berretsi egin du okupazioa zilegi ikusten duela eta, horrenbestez, “ekintza kultural autogestionatuak eta merkatutik kanpokoak” antolatzen jarraituko dutela jakinarazi dute.

Bi hilabetetan hitzaldiak, dokumentalak eta ikastaroak antolatu dituztela eta aldizkari bat sortu dutela gogorarazi eta, “salaketen gainetik” bide horri eutsiko diotela erantsi dute.

Ildo horretan, uztailaren 24an Ziztada Egune antolatu dute, Ziztada Gune Askearen inaugurazio ofiziala egiteko asmoz, eta zornotzar guztiak gonbidatu dituzte, “guztiok dugulako tokian hemen”. Hauxe izango da egitaraua:

– Goizean umeentzako jolasak

– 12:00etan Soinu teknikari ikastaroa

– 14:00 Bazkari autogestionatua, bakoitzak berea ekarriaz eta denon artean elkarbanatuaz.

– 16:00etan Gontzal bakarlaria

– 18:00etan Zornotzako taldeen kontzertua: Narcissus, Zirkinik bez, Primeros Auxilioss, Steepers, Kodigo 66, Saltavallas

– 21:30etan Kalejira erletxua herrian. Lorerik lore, polena jasoaz, eztia emanaz eta inguruko guztiak ziztatuaz.