Zorionak! Erabakitzeko eskubidea Zornotzan gauzatuko da

JuanluHauteskunde Autonomikoak igaro dira eta Madrilen barriro ustelkeriaren alderdi txapeldunak Espainiako gobernua hartuko dau. Beraz, Eh Bildutik iragarri zan moduan, notizia txarrak Euskal Herriaren aitortzari begira, enfrentamendu armatuaren ondorioak eta bizikidetza arloan aurrerapausoak emateko estatutik ezer etortzeko itxaropenari dagokionez.

Baina, argi dago guk geureari eutsi beharko diogula. Hemen ez dago lotan gelditzerik. Guk aurrera egin behar dugu, bai ala bai. Jendarte osoa, eta gure kasuan, zornotzar guztiok, ahalegindu behar gara gatazka armatuaren ondorio guztiak desagertu daitezen, baita herritar guztien arteko bizikidetza lantzen ere. Baina, ez dezagun ostrokarena egin, Euskal Herriak barru-barruan duen arazo politikoari erantzun behar zaiolako, benetako bakea izango bada, hemen hitza eta erabakia dutenak euskal herritarrak izan beharko direlako. Euskal jendartea izan behar da bere buruaren jabe arlo guztietan ala hemen egiazko bakerik ez da izango. Europa eta mundu guztiak jakin behar du hemen herri bat dagoela, bizirik dagoela eta biziraun nahi duela. Hauteskunde bolada amaitu ondoren, ozen, argi eta garbi adierazi behar dugu demokrazia bozkatzea soilik ez dela, eta Europan eta mundu guztian dauden Herri guztiei proiektu politiko guztiak egingarriak izatea zor zaiela demokrazia hori benetakoa izateko.

Zentzu horretan, lerro xume hauetatik, nire agur eta ohore partikularra, Zornotzan Gure Esku Dagok erabakitzeko eskubidea gauzatzeko, abian jarri duen prozesu parte-hartzaile zabalagatik: zorionak eta eskerrik asko, Zornotza Euskal Herriko lehenengo abiadurako trenean sartu duzuelako.

Lasai eta aurrera! Zornotzak ekimen historiko honek izango duen erantzuna merezi duen adinakoa izango da eta.