Zornotza Bizirik

Gure herria etengabeko eraldaketan dagoela jakitea eta horretaz ohartzea erraza eta zaila gerta daiteke batzuetan, hori, zalantza barik, horrela izan arren. Hala ere, garai batzuetan oso nabarmen ageri zaigu. Lan-baldintzak eskastu dira, errefuxiatuak eta immigrazioa begi-bistakoak dira, euskalduntze-prozesua nahi baino astiroago doa baina aurrera doa, erabakitzeko eskubidea praktikan jarriko da maiatzaren 7an, jaiak eta, konkretuki, karmenak, krisi gogorrean daude eta aldaketa ugari behar ditu, mundua oso konplexua bihurtu da, nekagarria askotan, emakumeak ahalduntzen ari dira sektore eta arlo guztietan. Eta zerrenda luze bezain amaiezinarekin jarrai genezake.

Baina, saltsa horretan, zornotzarrak oso bizirik sumatzen ditut. Oraintsu Udabarri dantza taldearen 50. urteurrena ospatu zen eta, orain, bete-betean, txanda hartu dio Andramari Ikastolak. Ekintzak jendez lepo egon dira aurrekoak eta datozenak ere halantxe egongo dira, zornotzarrez beteta, ilusioz eta disfrutatzeko irrikitan.

Hala ere, gaurko honetan hiru gai azpimarratu nahi nituzke. Alde batetik, armagabetzearen gaia. Izan ere, iragarri denez, datorren apirilaren 8an, Baionan hitzordua daukagu “Bakearen artisau” gu-geu ere izateko. Egun zinez historikoa jaio ginenetik ziklo armatua bizi izan dugunontzat.

Bestetik, KORRIKA martxoaren 30ean Otxandion hasi eta Zornotzatik apirilaren 7an pasako da. Ospakizun handia, Euskal Herria euskaratik bizi dugunontzat. Animo eta danok arineketan KORRIKArekin.

Era berean, historikotzat jotzen dut datorren maiatzaren 7a, Zornotzan. Izan ere, egun horretan ospakizun bi ditugu elkarloturik: Bata, Bizkargiko eguna, jaia eta memoria burura dakarzkiguna, eta maiatzean tontorreko ermita suntsitu zuten 80. urteurrena betetzen delako. Eta, bi, Gure Esku Dagok antolatuta, herri-galdeketa egingo delako, Amorebieta-Etxanoko auzoetan eta herrigunean. Herritarrek aukeratu duten galdera, hauxe: “Nahi duzu euskal Estatu burujabe bateko herritarra izan?”.

Aukera ederra benetan: Hitza eta erabakia zornotzarrok daukagu.