Zornotza, dabilen herria

2018ko martxoaren 8ko mobilizazio feminista.

Azken hilabeteotan eremu desberdinetan mobilizazio jendetsuak izan ditugu herrian: pentsiodunenak, mugimendu feministarenak, Gure Esku Dagoren giza katea, Altsasuko gazteen kontrako zigorraren aurkakoa… Herria bizi-bizi dago.

 

 

“Dabilen harriari goroldiorik ez”, dio esaerak. Azken hilabeteotan gure herrian izan diren mobilizazioek erakusten duten Zornotza goroldiorik ez daukan herria dela. Ez dira gutxi izan arlo desberdinen inguruan plazaratu diren aldarriak.

Pentsionistak astelehenero batzen dira Udaletxeko plazan.

Esate baterako, iragan urtarriletik pentsiodunak mobilizatzen hasi zirenetik, asko izan dira pentsio duinen alde Zornotzan egin diren protestak. Bilbon egin izan diren manifestazio jendetsuetan ere egon dira gure herriko pentsiodunak.

PPren aurrekontuak babestearen truke EAJrekin adostutako pentsioen igoerak edo Mariano Rajoyren Gobernua erori izanak, gainera, ez du ekarri pentsiodunak etxean gelditzea eta 1.080 euroko gutxieneko pentsioak lortu arte kalean segiko dutela berretsi dute.

Azken hilabeteotan, nabarmena izan da gure herrian mugimendu feministak erakutsitako indarra: martxoaren 8a, ama izateagatik kaleratu nahi izan zuten emakume zornotzarrari babesa agertzeko kanpaina edota Manada delakoaren auziko epaiaren aurrean haserrea adierazteko.

Gazte mugimendua ere presente egon da gure kaleetan eta bereziki azpimarratzekoa da Altsasuko gazteen aurka Auzitegi Nazionalak kaleratu zuen epaia gaitzesteko egin zuten mobilizazioa.

Gure Esku Dagok giza kate batekin lotu zituen Donostia, Bilbo eta Gasteiz.

Ezin aipatu gabe utzi Gure Esku Dagok ekainaren 10ean Donostia, Bilbo eta Gasteiz batuz egin zuen giza kate erraldoi horretan gure herrian jarritako aletxo handi eta garrantzitsu hori.

1.500 pertsona baino gehiago izan ginen eskutik helduta Zornotzan.

Honek guztiak adierazten du, sarri kontrakoa pentsa dezakegun arren, gurea herri aktibo eta bizia dela, aldarrikapen oso anitzen inguruan bat egin eta kalera ateratzeko gai dena.