Zornotzako alkateak Lasuen enpresa babestu izana salatu dute Sortuk, LABek eta Ernaik

alkatea-lasuen

Alberto Lasuen, Andoni Agirrebeitia eta Anartz Gandiaga. Argazkia: anboto.org

Andoni Agirrebeitia Amorebieta-Etxanoko alkateak Lasuen konpainiari babesa agertu dio, San Juan kalean egin dituzten urbanizazio lanetan beharginen segurtasuna bermatu duela esanez, LAB sindikatuak haren kontra Bizkaiko Lan Ikuskaritzan salaketa jarrita duen arren.

Zornotzako Sortuk, LABek eta Ernaik gogor salatu dute Agirrebeitiaren jarrera eta gogora ekarri dute Lasuen Construcciones enpresak Bizkaiko Eraikuntza Hitzarmena urratu duela: “Langileak norbanako babes ekipo barik izan dira lanean eta araudian zehaztutako lanorduak eta lan-egutegia ez ditu errespetatu”.

Langilea-pixeletaEra berean, harridura agertu dute urbanizazio lanak aurreikusitako epea baino hilabete eta erdi lehenago amaitu direlako. “Nola da posible lanak hile eta erdi arinago amaitu izana obra publiko honetan?”, galdetu dute.

Ildo horretan, obra publikoetan prekarietatea amaitzea posible dela azpimarratu dute, “lehiaketa eredu ezberdin bat ezarrita”. Baina Zornotzako Udalak aukera horri uko egiten diola kritikatu dute.

“Beste alde batera begiratu beharrean, eredu berri baten alde” lan egiteko prestasuna agertu dute Zornotzako Sortuk, LABek eta Ernaik, betiere helburua prekarietatearekin amaitzea bada.