Zornotzako EAJk gure ekimen politikoak bereak bailiran aurkezten dituela salatzen dugu EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Amorebietak

Ainhoa Salterain eta Anartz Gandiaga Zelaieta parkean.

Zornotzako  EAJk gure ekimen politikoak bereak balira bezala aurkezten dituela salatu nahi dugu EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Amorebietak. Gainera, bere propaganda politikorako erabiltzen ditu Udaletxean lizitatutako proiektuen argazkiak eta infografiak.

Argiteria publikoa indartzeko ekimena da adibideetako bat, berdintasun-batzordeak aurreko legegintzaldian sakon landutako proposamena delarik. Antzeko zerbait gertatzen da Zubipunte, Zubizabala eta Zubikurtze lotuko dituen oinezkoen pasabidearekin. Izan ere, joan den apirilaren 18an argitaratu zen ekimena azken bi legegintzaldietan hiru talde politikook hainbat lan-gunetara eraman dugun proposamena da, gobernu-taldeak sistematikoki baztertu duena.

Berdina gertatu da Zelaietako jolas-parkea estaltzeko proiektuarekin: proposamen hori behin eta berriz errepikatu da aurrekontu parte-hartzaileetan, baina bideraezintzat jo izan dute garajeen uholde-arriskuagatik.

Gainera, azpimarratu nahi dugu, behin baino gehiagotan egin dugun bezala, Udalaren proposamenetan gainontzeko 3 alderdiok ere parte hartzen dugula, eta ekimen horiek hauteskunde-kanpainaurrean ohikoak diren proposamen alderdikoietatik bereizi behar direla.

Era berean, salatu nahi dugu Zornotzako Udalean lizitatutako lanetatik ateratako irudien erabilera ez dela zilegia hauteskunde-programa alderdikoi bat puzteko, proiektu horiek diru publikoarekin finantzatu baitira, eta ez alderdi politiko baten finantzaketarekin.

Horrenbestez, EAJren Gobernu Taldeak guztionak diren baliabideen kudeaketa arduratsua egitea eskatzen dugu.

EH BILDU ZORNOTZA | PSE-EE | ELKARREKIN AMOREBIETA