Zornotzako Hiri Antolamendurako Planaren aurrean alegazioak abenduaren 31ra arte luzatzea lortu du EH Bilduk

Joan den urriaren 28an egindako ohiko osoko bilkuran aho batez erabaki zen Amorebieta-Etxanoko Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) aurrean alegazioak eta proposamenak aurkezteko epea abenduaren 31ra arte luzatzea. Erabaki horren harira, hainbat gauza argitu nahi ditugu:

1- Lehenik eta behin, argi eta garbi esan nahi dugu HAPOa jendaurrean jartzeko epea luzatu bada, EH Bilduk proposatu zuelako izan dela.

2- Udal batean egin daitekeen dokumenturik garrantzitsuenetako bat onartzear gaude, bertan definitzen baita gure udalerriko hurrengo 10-20 urteetarako lurralde-ereduaren diseinua eta garapena.

Horrelako dokumentu batek aurkezpen informatibo eta parte hartzaile ahalik eta zabalena eta pluralena eskatzen du.

EH Bilduren iritziz, Amorebieta-Etxanoko Udalak ez du HAPOa ezagutarazteko eta herritarrak ekarpenak/iradokizunak egitera animatzeko ahalegin nahikorik egin. Horren erakusgarri izan zen Zelaieta zentroan egindako azken aurkezpena: 30 herritar baino ez ziren bertaratu.

3- Osoko bilkuran esan genuen moduan, herritar gehienek ez dute Hiri Antolamenduko Plan Orokorrari buruzko informaziorik edo ezagutzarik, ezta alegazioak edo ekarpenak aurkezteko epearen berririk ere.

Hori berresteko moduan gaude; izan ere, Zornotzako EH Bilduko zinegotziak auzoz auzo, saltokiz saltoki joan gara, zornotzarrei planaren gaineko informazioa eta azalpenak emanez. Hainbat bilera egin ondoren, ondorioztatu dugu zornotzar gehienek ez dutela planaren berri, ezta honek izan ditzakeen ondorioen berri ere.

4- Harro gaude gure ekimenez HAPOaren hasierako onarpena abenduaren 31ra arte atzeratzea lortu izanaz; izan ere, EH Bilduk bere etxeko lanak egiten ditu. Gainera, herritar guztiei dei egin nahi genieke HAPOaren balizko ondorioei buruz interesa agertu dezaten eta nork bere ekarpenak eta alegazioak aurkeztu ditzan. Halaber, gurekin jar daitezke harremanetan, edozein zalantza edo laguntza behar izanez gero.