Urgozo kiroldegia eraikitzeko obraren lizitazioa atzeratzea eskatu du EH Bilduk

Abenduaren 13an zabaldu zuen Amorebieta-Etxanoko Udalak Urgozo kiroldegia nolakoa izango den azaltzen duen bideoa, eta aspalditik ohartarazi duguna baieztatu da: kiroldegia saskibaloira soilik egongo da zuzenduta.

8.000.000 € inguruko kostua izango du; eta, gainera, ez du inondik inora ere herrian kirol instalazioekin dagoen arazoa konponduko, espazioak ez duelako saskibaloia ez den beste kirolik egin ahal izateko tokia eskainiko.

Gauzak horrela, Zornotzako EH Bilduk proiektuaren lizitazioaren luzapena edo moratoria eskatu du. Izan ere, proiektu honek hemendik bost hilabetera osatuko den Udal Gobernu berria baldintzatu eta herriaren etorkizuna hipotekatu dezake. Ildo horretan, ezin dugu ahaztu Udala osatzen dugun lau alderditik bik kontrako botoa eman diogula proiektu horri.

Halaber, EH Bilduk badauka alternatiba bat, herrian goraka doan kirol ekipamenduen beharrizanei erantzuteko: Berezikoetxeko lursailetan kirol-gune multifuntzional bat egitea, futbolaz eta saskibaloiaz bestelako kirolak praktikatu ahal izateko. Hori da gure apustua.

Hemen behean duzue balizko kirol-gune berri horren bideoa. Esan gabe doa, adibide bat baino ez dela; izan ere, EH Bildun oso argi daukagu Berezikoetxeko kirol-gune multifuntzionala Zornotzako kirol elkarteen eta herritarren iritziak, ekarpenak eta beharrizanak kontuan hartuta eraiki behar dela.