Zornotzan ere 11 egun euskaraz

Joan zen ostiralean, ekainaren 15ean, aurkeztu zen Euskaraldia Zornotzan, “hizkuntza ohiturak astindu eta ohiko harremanetan euskara gehiago erabiltzeko ariketa bat proposatzen” duen ekimena. Horretarako, 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra, euskaraz hitz egin edo ulertzen duten guztien artean euskaraz aritzeko deialdia egin da, baita gure herrian ere. 11 egunez euskaraz aritzeko konpromisoa hartzea, alegia.

Zornotzak ere bat egin du Euskal Herriko erakunde nagusiek, euskalgintza eta herri-mugimenduek antolatu duten ekimen honekin. Hori dela eta, herrian ahalik eta belarriprest eta ahobizi gehien elkartzea da helburua. Ahobizien konpromisoa hurrengoa izango da: ulertzen duenari euskaraz egin, hark erdaraz erantzun arren eta ezezagunei lehen hitza, gutxienez, euskaraz egitea. Eta belarriprest izango direnek, euskara ulertuko dute eta beraiengana euskaraz hurbiltzea eskertuko dute, nahiz eta haiek gazteleraz erantzun.

Bakoitzak bere inguruan, bere ohiko harreman sareetan egitea proposatzen da: familian, lagunartean, lanean, eskolan, dendetan… Horrekin frogatu nahi da, uste baino gehiagotan euskarazko komunikazioa posible dela, Euskal Herrian euskara ulertzen duen jendea pentsatzen duguna baino gehiago dela jabearaztea eta euskara gehiagotan erabili dezakegula ikusaraztea, baita euskara erabiltzeko testuinguru eta egoera berriak, abegikorragoak eta babestuagoak sortzea ere.