Zornotzan errefuxiatuak hartzeko beharrezkoak diren neurriak exijitu dituzte

Zornotzako Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak mozio bat aurkeztu zuen martxoko osoko bilkuran. Siria eta inguruko lurraldeetako guda egoera larrietatik ihesi, Europako errefuxiatu kanpalekuetan milaka pertsona pilatzen ari dira, eta horren harira hainbat konpromezu jaso dituzte adierazpen instituzionalean.

Alde batetik, Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetzarako idazkari nagusiak otsailaren 2an aurkeztu zuen ekintza-planarekin bat egitea eskatu du taldeak, Euskal Autonomia Erkidegoan errefuxiatuen harrera ahalbidetuko lukeen giza korridorea antolatzeko.

Gogoratu behar da Amorebieta-Etxanoko Udalbatza errefuxiatuak hartzeko prest agertu zela irailean, alderdi guztien babesarekin.

Bestetik, harrera pisu bi eta beharrezkoak diren zerbitzu eta giza-laguntza baliabideak prestatzeko eskaria egin dute, etor daitezkeen errefuxiatu-familien oinarrizko beharrizanei erantzuteko. Harrera-pisurik ezean, beharrizan horiek asetzeko diru-funts nahikoa bideratzea eskatzen dute.

Azkenik, Gizarte-ongizate alorreko teknikari bat izendatzeko eskaria egin dute, Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetzarako idazkaritzarekin batera eman beharko diren pausuen inguruko informazioa eta ekintzak biltzeko eta bideratzeko.

Horrez gain, Zornotzako Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak deituta, hilabeteko lehenengo larunbatetan, kontzentrazioak egiten dituzte, 13:00etan, Erreferemdum plazan. Apirileko azken asteburuan ere kontzentrazioa burutu zuten, eta ondoren, Durango eta Lemoatik zetozenekin elkartu eta Gernikara abiatu zen taldea, Ongi Etorri Gernika 2017 ekitaldian parte hartzeko.