Zornotzan hipermerkatu berririk zabal ez dadin sinadura bilketa abiatu dute

zornotza-621_contentZiztada Gune Askearen ekimenez, Tantortan hipermerkatu handi bat irekitzeko asmoaren aurkako sinadurak biltzen ari dira www.change.org webgunean. Udalari zuzendutako eskaeran, halako merkatal gune handi berri baten irekierak herriko komertzioetan izan ditzakeen ondorio kaltegarriez ohartarazi dute. 

Duela egun batzuk hasi ziren Ziztada Gune Askeko kideak Tantortan jarri nahi duten merkatal gune handiaren aurka sinadurak biltzen eta dagoeneko 100dik gora lagunek eman diote babesa ekimenari.

Change.org orrialdean Andoni Agirrebeitia alkateari zuzendutako eskaeran, herriko merkatari txikiek bizi duten egoera gogoratu eta haietako askok negozioa itxi behar izan dutela azpimarratu dute. Ildo horretan, hitzez bertoko komertzioa bultzatzen dela baina ekintzez gune handien aldeko apustua egiten dela gogor gaitzetsi dute.

“Pentsatzen dugu ez dela kasualitatea zentro komertzial hauek zabaltzea eta gero eta denda txiki gehiago ixtea”, azaltzen dute.

“Gogoratu dezagun, 2001ean udaletxeko partidu politiko guztiek arau subsidiarioak onartu zituzten. Arau hauen arabera ezin dela 600 m2 baino gehiagoko pabiloirik eraiki eta denda txikiak babestea onartu zuten. Gure harridurarako arau subsidiarioak gobernatzen duen partiduak aldatu nahi ditu Tantortako hipermerkatu handi hori (600 m2 baino gehiago) eraiki dadin. Jarrera guztiz kontrajarria da, benetan denda txikien alde badaude ezin da onartu hipermerkatu gehiagorik eraikitzea”, nabarmendu dute.

Merkatal gune horren irekierak besteak beste “trafikoak eta kutsadurak” gora egingo dutela ohartarazi dute eta, gainera, kontsumismoa bultzatuko dela adierazi, elikadura burujabetza sustatu ordez.