Zornotzan Udal Hezkuntza Kontseilua sortu nahi du EH Bilduk

Maiatzaren 28ko hauteskundeei begira prestatutako herri programaren baitan Zornotzan Udal Hezkuntza Kontseilua sortzea proposatu du EH Bilduk, ikastetxe desberdinen arteko kohesioa lortze aldera.

Gure seme-alaben hezkuntza “oso garrantzitsua” dela iritzita Udal Hezkuntza Kontseilua sortzea proposatu du Zornotzako EH Bilduk hauteskundeetarako prestatutako programan, “bere baitan ardaztuko delako gure etorkizuneko Zornotza”. Zornotzako EH Bilduk uste du “proiektu bateratu bat mahaiganeratzeko unea” dela eta, horretarako, Udal Hezkuntza Kontseilu bat martxan jartzea “ezinbestekotzat” jo dute.

Zornotzarako nahi duten “Hezkuntza Proiektu Herrikoia” lortzeko lehen pauso bezala aurkeztu dute kontseilua, ezinbestekoa izango dena herriko ikastetxeen arteko kohesioa lortze aldera, hezkuntza formalari, ez formalari eta eskolaz kanpoko ekintzei dagokionean. Era berean, azaldu dute kontseilua baliogarria izango dela elkarrekin “Zornotzak izan beharreko izaera” eraikitzeko, “etorkizun hurbilari aurre egin ahal izateko”.

Halaber, Zornotzako EH Bildurentzat, herri hezitzailearen ikuspegitik, “kultura eta hizkuntza baloreen transmisioan ardatzak dira”. Era berean, Zornotzan “hezkuntza eskubidea eta ekitatea” bermatu behar direla deritzo koalizioak, eta horretarako, “parte hartzean sakontzea eta komunitatea saretzea ezinbestekoa” izango dela uste dute.