Lehen 15 egunak alarma egoeran eta konfinamenduan

Itxialdiaren lehen hamabostaldia igarota, EH Bilduko ordezkariok ondoko mezua helarazi nahi diogu Amorebieta-Etxanoko herriari:

– Egun hauetan gaixotutakoei eta beraien senideei gure elkartasuna eta indarra.

– Eskerrak osasun eta larrialdi arloko langileei, baita zerbitzu publikoen multzoko langile guztiei ere. Gure osasuna eta eskubideak bermatzeko lanean ari zareten guzti-guztioi, eskerrik asko bihotz-bihotzez.

– Amorebieta-Etxanoko herritarrei, oro har, gure miresmen osoa eta esker ona emandako ereduagatik.

Garai gogorrak bizitzen ari gara eta, oraindik, asko dago egiteko. Maila ezberdinetako presioa ikaragarria den berrogeialdi honetan, beldurra txertatu zaigu askori gorputzean, eta arazo psikologikoak ere izan daitezke, bereziki, aurrerantzean zaindu beharko ditugunak.

Hori dela eta, ezin aipatu gabe utzi, joan den astean Usansoloko Ospiatalean gertatutako ezbeharra. Zornotzako EH Bildutik, gure elkartasuna eta babesa bere senide eta lagunei, baita Izar kooperatibako langile guztiei ere.

Salbuespen egoera honetan, gure esku dagoen guztia egiten ahaleginduko gara herritar ororen bizi-baldintzak ahalik eta duinenak izateko. Horretarako, Udal Gobernuari beharrezkoak diren neurriak har ditzan exigituko diogu.

Zaindu gaitezen.