Zornotzarrek euskal Estatu burujabe bateko herritar izan nahi dutela erabaki dute

Herritarrek lezioa eman digute erabakitzeko eskubidearen inguruan akordio batera heltzeko gai ez garen alderdioi eta lezioa eman diete “legea” aitzakiatzat erabilita gizarteari oinarrizko eskubide hori ukatzen dioten agintari politikoei.

Gure Esku Dago Zornotza herritarrez osotutako elkarteak antolatutako galdeketaren bidez, Amorebieta-Etxanoko bizilagunok, Bizkaiko eta Euskal Herriko beste hamarnaka tokitan bezala, gure herriaren etorkizuna erabakitzeko aukera izan genuen.

“Nahi duzu Euskal Estatu burujabe bateko herritarra izan?”. Horixe izan zen erantzun beharreko galdera. 3.541 lagunek baietzaren aldeko botoa eman zuten, 68k ezetz esan zuten, boto zuriak 16 izan ziren eta boto baliogabeak 12. Parte-hartzea % 22,8koa izan zen, hau da, 3.637 zornotzarrek gauzatu zuten beren erabakitzeko eskubidea.

Emaitzaz harago, galdeketa bera azpimarratu behar da. Ariketa demokratiko bat izan zen, eta izaera loteslerik ez badauka ere, herri-galdeketak agerian utzi du dena dela posible, borondatea baldin badago. Herritarrei beren arazoez edo beren etorkizunaz galdetzea ezin da inoiz arazo bat izan. Alderantziz, denon artean Amorebieta-Etxano hobea eraikitzeko balio behar du, denon artean Euskal Estatu bat sortzeko balio behar du, denok hobeto bizitzeko.

Bestalde, Gure Esku Dago Zornotzak iragarri du datorren ekainaren 10ean ekitaldi nazionala izango dela Bilbon eta bertara joateko deia egin du.

(ARGAZKIAK: Gure Esku Dago Zornotza)