Zornotzarren % 50ak jaietako egutegia aldatuko luke, Udalak egindako inkestaren arabera | Euskal Herria Bildu Zornotza

Zornotzarren % 50ak jaietako egutegia aldatuko luke, Udalak egindako inkestaren arabera

Aurten ez da aldaketarik izango, baina zornotzarren erdiak jaietako egutegia aldatuko luke: jaiak laburtuta edo astegunetako ekitaldiak kenduta. Horixe da Gizaker enpresak Amorebieta-Etxanoko jaiei buruz egindako ikerketaren ondorio nagusietako bat.

 

 

Udaletxean ordezkaritza dugun alderdi guztion ekimenez, joan den otsaila eta apirila bitartean, Amorebieta-Etxanoko Udalak galdeketa bat egin zuen zornotzarrek herriko jaiei buruz duten iritzia eta ekarpenak jasotzeko.

Galdeketa hori idatziz, Internet bidez eta telefonoz egin zuen Gizaker enpresak, eta orain ikerketa horren emaitzak ezagutarazi dituzte. Orotara, ia 1500 zornotzarrek hartu dute parte inkestan.

Galdera bat jaien iraupenari buruzkoa izan da. Zornotzarren % 41,5a jaien iraupena uztailaren 15etik 27ra mantentzearen aldekoa da, baina % 50ak egutegia aldatzea babestu du: jaiak laburtuta (% 25,5) edo astegunetako jaiegunak kenduta (% 24,5).

Jaiak nola laburtu beharko liratekeen galdetuta eta alternatiba zehatzak proposatuta, herritarrek ondokoa erantzun dute: % 14,2ak Santanatxu eguna kenduko luke; % 6,3ak, Karmen eguna; eta % 5ak, bata zein bestea.

Laburbilduz, zornotzarren gehiengoak jaietako egutegia aldatzea babesten du, baina jaien luzera nola moldatu beharko litzatekeen erabakitzerakoan ez da iritzirik gailendu.

JAIAK LABURTZEKO EH BILDUREN ALTERNATIBAK:

Jaien inguruko eztabaida sakon bat bultzatzeko asmoz, EH Bilduk dokumentu bat landu zuen, gainerako alderdiekin eta herriko eragile, elkarte eta norbanakoekin konpartitzeko.

Txosten horretan jaiak laburtzearen aldeko apustua egiten dugu. Eta horretarako ondoko bost aukerak proposatzen ditugu:

1- Uztailaren 15ean hasi eta 25ean amaitu.

2- Uztailaren 3. asteko ostiralean hasi eta 4. asteko larunbat-igandean amaitu.

3- Uztailaren 3. asteko larunbat eguerdian hasi eta 4. asteko igandean amaitu.

4- Egungo egutegia mantentzea (15-27), baina jaiegunak markatuta eta egun osoko egitarauak jaiegun horietarako soilik programatuta. Jaiegunak: 15-16-asteburua-25-26-27.

5- Uztaileko hirugarren astea + Santanatxu (27).