Zuhaitzak beste behin

EstiSarriAurreko astean agertu zigun Xabi Gutierrezek Zornotza dela airerik kutsatuena daukan Euskal Herriko herria, eta hari berari tiraka, beste gogoeta pare bat plazaratu nahi nituzke, oraingoan ere, ikuspegi antropozentrikotik gehiegi urrundu gabe. Ezin da ahaztu giza jardueraren ondorioz atmosferara isurtzen diren hainbat eta hainbat partikulek, pertsonon osasunean ez ezik, bestelako animalia eta landaretan ere badutela eragin kaltegarria; zuzenean, zenbait kasutan, edo ez zuzenean, azken 250 urteetako isurketek kliman eragin dituzten aldaketen ondorioz.

Azken hamarkadetan aldaketa klimatikoaren gaia bolo-bolo dabilen arren, ez da horren kontu berria. Badira 200 urte baino gehiago Alexander von Humboltek gizabanakook kliman aldaketak ekar genitzakeela iradoki zuela. Ez isurketei erreparatuta –industria iraultzaren hasierako garaiak izanik haiek, gerta bait zitekeen–, neurri gabeko nekazaritzara bideratzeko lur premian, berezko baso eta sastrakadiak desagerrarazi eta lurren erabilera nola aldatzen zen ikusita baizik. Basoak moztu eta nekazal lur bihurtzeak klima hobetu baino ez zuela egingo sinetsita zeuden garai hartako zientzialarik.

Ez dago argitu beharrik erabat oker zeudela; zuhaitz eta basoek, beste hainbat eta hainbat onuren artean, aireko partikula kutsatzaileak zurgatu eta airearen kalitatea hobetzearekin batera, ezaguna da ditxosozko aldaketa klimatikoari aurre egin diezaioketela. Horrez gain, azken urteotako ikerketek erakutsi dute arnas aparatuko gaixotasun eta haiek eragindako heriotz gutxiago dagoela hiri barru eta inguruan zuhaitz asko dituzten eremuetan.

Zornotzan, gura adina zuhaitz eta baso dagoela pentsatuko du batek baino gehiagok; izan ere, industria iraultzaren ondorioz –egurra izan baita urteetan gaur egun petrolioa dena–, XX mendearen hasieran Euskal Herriak zuen itxura soilduarekin alderatuta, zuhaitzen paradisua dirudite gaur egun Bizkaiak eta Gipuzkoak; barkatu, pinuena. Aurten bertan argitaratutako datuek, ordea, azken 150 urteetan Europan egin diren landaketa eta basoen kudeaketak, aldaketa klimatikoa ekidin baino areagotu egin dutela erakutsi dute, bereziki koniferoen landaketek, pinuak tarteko, eraginda.

Zalantzarik gabe, isurketak nola gutxitu sakon aztertu beharko genuke, berdin jarraitu eta zuhaitzak landatzea proposatu ordez. Zuhaitzak landatu eta bertako basoak bultzatzea, ordea, serio hartu beharreko kontua da, imaginatuko ez genituzkeen onurak jasotzen baititugu haietatik, eta lur erabileren aldaketek, Humboltek aipatu bezala, katastrofikoak izan daitezkeelako. Hiri Antolakuntzarako Plan Orokorra eztabaidan dagoela kontuan izanda, momentua izan daiteke ingurumenaren alde –eta gure alde– apustu politiko sendo eta ausarta egin, eta, herri barruko berdeguneak aintzat hartuta, bestelako herri-eredu bat bultzatzeko.