Datorren astean 12 urte beteko dira Saioa Agirre Arauko zornotzarra atxilotu zutenetik. Inkomunikatuta egon zen bitartean Guardia Zibilak torturatu zuela salatu zuen, baita sexu erasoak pairatu zituela ere. 10 bat hilabete eman zituen kartzelan eta joan den urteko uztailean izan zuten epaiketa Agirrek eta 13/13 sumarioko gainontzeko sei auziperatuek.
Saioa Agirre absolbitu badute ere, 3 eta 7 urte bitarteko zigorra ezarri diete auziperatuetako lauri. Gainera, absoluzioak mina areagotzea ekidingo badu ere, ez du ezabatuko inkomunikazioko eta ondorengo 12 urteetako sufrimendua. Prozesuak iraun duen bitartean, zornotzarrek berotasuna eta elkartasuna adierazi diote Agirreri, bereziki, mugimendu feministak eta 13/13 auzia dela eta sortutako plataformak.
Saioa Agirre Araukok eta gainontzeko auziperatuek pairatutako sufrimendua salatu eta zigorren aurka agertzeko prentsaurrekoa eskaini du Zornotzan 13/13 auziaren harira sortutako plataformak. Halaber, bihar 17:30etan Bilbon Jesusen Bihotzetik abiatzekoa den manifestazioan parte hartzera dei egin du adierazpenean:
“13/13 ZIGORRIK EZ! KONPONBIDEARI OZTOPORIK EZ!
Larria da sententzia honek utzitako egoera. Erabat larria da, sufrikarioa besterik ez duelako eragiten ebazpen honek. Erabat larria da, zigor hauek konponbide demokratikoa oztopatzen dutelako.
Auziperatuentzat ikuspegi pertsonaletik begiratuta, 11 urte hauek jasanezinak izan dira, baita Uztailetik pairatutako epaiketa. 13/13 sumario osoaren bilakaerak min amaigabea baino ez du ekarri. Auziperatu, senide eta lagunek krudelkeria segida luze bat nozitu dute. Haientzat gure berotasun, babes eta elkartasuna.
Saioa Agirre Zornotzarra, injustizia guzti hau pairatu ostean azkenean aske atera da baina inork ez dio erreparatzen auzi honek suposatu dion sufrimendua. Auziperatutako beste kide batzuei, sufrimendua luzatzea erabaki dute eta honek agerian usten du, auzi hau mendeku politikoan oinarritua dagoela eta bere sententzia politikoa dela.
Gure herrian irekitako denbora berriaren ostean, “dena ETA da” printzipio salatzailea oinarri duten jarduerak salatzen ditugu. 13/13 makroepaiketa denboraz eta lekuz kanpo dago, eta gure herrian bizikidetza demokratikoa eraikitzeko kontrako norabidean doa.
Sententzia hau injustizia bat dela salatu nahi dugu, irregulartasunez eta eskubide urraketez gainezka (tortura salaketak, abokatuen bulegoen erregistroak, CNIren esku hartzea…) eta berme juridiko oso gutxirekin burututako epaiketa baten ondorioz hartutakoa delako. Non eta Audientzia Nazionalean, alegia, salbuespeneko epaitegi batean, zeinaren funtzioa euskal herritarroi salbuespenezko legalitatea eta salbuespenezko zigorrak ezartzea den.
Atzerapauso honen aurrean jokoan daude demokrazia, bakea eta gure herriaren etorkizuna. Konpromisoak inoiz baino beharrezkoagoak dira, guztion artean bake eta bizikidetzan oinarritutako etorkizuna eraikitzeko, euskal gizarteak eskatzen duen norabidean, aurrera egitea oztopatzen diguten iraganeko estrategiak, jarrerak eta jokabideak alboratuz.
Guzti honegaitik, Bilbon Apirilak 9an , 17:30etan Jesusen Bihotzetik ospatuko den manifestazioan parte hartzera gonbidatu nahi zaituztegu.”