“Euskal preso eta iheslari politikoak etxera” lelopean, Zornotzako Sortuk manifestazioa deitu du abenduaren 24rako herrian. Martxa Erreferendum plazatik abiatuko da, 18:00etan. Larunbat honetan 35 bat preso ohi eta senidek agerraldia egin dute mobilizazio horretan parte hartzeko dei eginez.
Mahaian Gorka Palacios, Jurdan Martitegi, Gorka Lupiañez eta Iñaki Retaren senideak izan dira. Adierazpena Andoni Lupiañezek irakurri du. Hemen duzue testua oso-osorik:
Gabonak iristerakoan gatibu dagoenaren falta nabarmenago egiten da etxeko sukaldeetan. Urtean zehar agertutako itxaropena apur bat lausotu egiten den arren, gure familiarren egoerak aurrera segitzea eskatzen du. Ez baitago beste biderik denak etxera ekarri arte.
Egun hauetan pertsona askoren berotasuna zein maitasun keinuak jasotzen ditugu senideok. Eta hori da elikagai hoberena, eurekiko lotura trinkoena. Beti, beti, hor izango gara, nahiz eta maitasun horrek milaka kilometro egin behar.
Zeren dispertsioak mintzen gaitu, baina inolaz ere ahuldu. Eta, gure aldetik, zornotzarrei dei zuzena egin nahi diegu egun hauetan egingo diren mobilizazioetan parte har dezaten. Beharrezkoa dugu pertsona andana kalera ateratzea, horixe baita medizina bakarra euskal preso politikoak etxera bidean ipintzeko.
Abenduaren 24an kantuan ibiliko gara eta zornotzarrak gurekin abestera animatuko ditugu. Mikel Urdangarin musikaria izango da kantu-gidaria.
Halaber, abenduaren 24an, urtero legez, manifestazioa egingo dugu herrian, “Euskal preso eta iheslari politikoak etxera” lelopean. Manifestazioa Erreferendum plazatik abiatuko da, 18:00etan.
Amaitzeko, urtarrilaren 11n Bilbon antolatutako manifestazio handian parte hartzeko deia luzatzeko diegu herritarrei.
Senideok beti barruan daudenekin!