EAJk eta PSE-EEk 33.835.200 euroko aurrekontua onartu dute 2025erako, iazkoa baino % 1,27 txikiagoa. Kasu honetan, baina, kontua ez da zenbatekoa.
Fokua aurrekontu horren xehetasunetan jarri behar da, diru publikoa nola eta zertarako gastatuko duten jakiteko, hain justu ere; eta Udal Gobernu honekin hori jakitea ez da batere erraza. Izan ere, aurrekontuak aurkezterakoan zifra batzuk ematen dituzte, baina gero aurrekontu hori ez dute betetzen, dirua sail batetik bestera pasatzen dutelako. Gure ustez, kudeaketa txarraren ondorioa da hori.
Ildo horretan, iaztik hona, 2.645.341 euroko transferentziak egin dituzte aurrekontuetan, diru gehiena soberakinetatik hartuta. Joera hori azken urteotan errepikatu da. Horrenbestez, ez dago inolako bermerik Udal Gobernuak 2025erako aurkeztu duen aurrekontua hala beteko duela ziurtatzeko.
Adibide adierazgarri bat: aurrekontua onartu eta egun gutxira, Udal Gobernuak iragarri zuen “El Carmelo Parkea” egiteko 420.000 euro gastatuko dituela 2025ean. Nola da posible tamaina horretako inbertsio bat aurrekontu-proiektuan aurreikusita ez egotea?
Horrez gain, Udal Gobernuak oposizioko taldeen lana oztopatu du, beste behin. Horren erakusgarri da dokumentazioa aztertzeko eta ekarpenak egiteko izan dugun denbora tarte txikia: azaroaren 5ean aurkeztu ziguten aurrekontuaren proiektua, eta negoziazioa hurrengo egunean abiatu zuten; eta dokumentazio guztia azaroaren 12an eman ziguten, aurrekontuak batzordeetan onartu baino hiru egun lehenago, hain zuzen ere.
2025erako onartu dituzten aurrekontuak benetan gauzatuko diren bermerik ez dugulako, gure zuzenketak eta ekarpenak egiteko oztopoak jarri dizkigutelako eta, oro har, planteatu duten proiektu-ereduarekin bat ez gatozelako, EH Bilduk aipatu aurrekontuaren kontrako bozka eman zuen azaroaren 22ko osoko bilkuran.