Zornotzako kirol azpiegitura ezberdinak kirol-gune handi batean batzea eskatu dugu udaletxean. Non? Tantorta eta Ixer artean, Lidl saltokiaren atzealdeko lursailean. Zergatik? Udalerria hazten ari da eta kirol zerbitzuetan dauden gabeziak nabarmenak dira.
Aspalditik dugun arazoa da, baina Udal Gobernuak ez dio soluzio eraginkorrik ematen. Alderantziz, azken hamarkadan dirutza xahutu du eta arazo berdinarekin jarraitzen dugu.
Urgozo kiroldegia saskibaloi taldeei zuzendutako pabilioia izango da eta aurten 5,5 milioi gastatuko dituzte bere eraikuntzan. Halaber, Ganen padel eta tenis kantxak egingo dituzte, 4,5 milioi euroko aurrekontuarekin.
Gogoratu beharra dago 2010ean Larreako kiroldegia eraberritzeko 10 milioi euro gastatu zituztela -hasiera batean 4 milioiko obra izango zela aurreikusi bazuten ere-, eta berehala txiki geratu zela. Eta 2011n beste 2,2 milioi gastatu zituzten Jauregibarriako frontoia eta bolatokia egiteko.
Honi guztiari gehitu behar zaio Ixerreko kiroldegia bota egingo dutela. Beraz, zer hobetu da arlo honetan? Ezer gutxi. Hamar urtetan, guztira, 22 milioi eurotik gorako gastua egingo du Udalak eta duela hamar urteko arazo berdinekin segitzen dugu.
Testuinguru honetan, Urgozo eraikitzeko eta Gane eraberritzeko aurrekontua kirol-gune handi bat sortzeko erabiltzea proposatu dugu. Gune horretan eraiki beharreko azpiegiturak Zornotzako klubekin eta kirol talde ezberdinekin elkarlanean landu beharko litzatekeela uste dugu.
Ildo berean, kirol zerbitzuetan herritarren beharrizanak zeintzuk diren jakitea ezinbestekotzat jotzen dugu, eta horretarako ikerketa bat egin beharko litzateke. Herriko kirol eragileekin elkarlanean eta herritarrak kontuan hartuta soilik lortu daiteke Amorebieta-Etxanok kirolaren arloan dituen beharrizanak asetzea.