Ander Uriarte EH Bilduren Amorebieta-Etxanoko alkategaia PSE-EEko eta Elkarrekin Amorebietako ordezkariekin batu da asteon, hiru taldeen artean gutxieneko akordio bat adostu eta Gobernu aurrerakoia osatu ahal izateko.
Joan den maiatzaren 28ko udal hauteskundeen emaitzek erakutsi dute Amorebieta-Etxanon ezkerrak eskuinak baino babes handiagoa lortu duela eta zifrek Gobernu aurrerakoia osatzeko aukera eskaintzen dutela.
Hori dela eta, Ander Uriarte Pujanak Zornotzako Alkatetzarako hautagaitza aurkeztuko du larunbat honetan, ekainak 17, Udalean egingo den osoko bilkuran, eta PSE-EEren eta Elkarrekin Amorebietaren babesa eskatu du gutxieneko akordio batean oinarritutako Gobernu aurrerakoi bat osatzeko.
EH Bildu Zornotzak joan den hauteskunde garaian Zornotzako herritarrei aurkeztu zien proiektu politikoak pertsonak erdigunean jartzea zuen eta du helburu, pertsona horiek bizitza duina izan dezaten, baita beren behar guztiak beteta izan ditzaten ere.
Zentzu horretan, EH Bildu Zornotzak uste du Udalean ordezkaritza lortu duten hiru talde politiko aurrerakoiek amankomunean dutela herritarren bizi-baldintzak lehenesteko asmoa.
EH Bildu Zornotzak PSE-EEri eta Elkarrekin Amorebietari proposatu dien akordioak pixkanaka handitzen joango den espazio sozial bat osatzea izango luke ardatz, 2027an Zornotzak ezkerreko oinarri eta proiektu politiko adostu bat izan dezan, gure udalerriak behar duen eraldaketa politiko eta sozial sakona gauzatzeko gai izango dena.
Era berean, azken astean egindako bileretan, Uriartek eskerrak eman dizkie bi alderdietako ordezkariei aurreko legegintzaldian izandako harremanagatik, «bizikidetza eredutzat» jo baitu.
Halaber, ziurtatu du ziur dagoela desberdinen artean akordioak lortzea «guztiz aberasgarria» izango dela gure udalerriaren etorkizunerako.