Beste behin ere Boroako zentral termikoak jabez aldatu du. Orain arte Ameriketako Estatu Batuetako Arclight Capital Partners LCC konpainiaren esku egon da, baina honek zentrala Suitzako White Summit Capital inbertsio funtsak eta AEBko Castleton Commodities International enpresak osatutako taldeari saldu dio.
Jabetza aldaketa honen aurrean, Zornotzako EH Bilduk ondokoa adierazi nahi du:
– 2002ko apirilean Zornotza Bizirik plataformak herrian sustatu zuen erreferendumaren emaitza baliozkotzat jotzen dugu: 4.200 zornotzarrek baino gehiagok bozkatu zuten Boroan zentral termiko bat eraiki eta martxan jartzearen aurka.
– Ezaguna da planta horrek gaur egun jarduera eskasa duela. Baina jabetza aldaketa berriarekin produkzioa handitzeko arriskua areagotu egin da. Jakina denez, horrek airearen kutsaduran eta, ondorioz, gure osasunean eragin kaltegarri zuzena izango luke.
– Zornotzako EH Bilduk bilerak egingo ditu herriko hainbat gizarte eragilerekin, berehalako arriskuaz ohartaratzeko eta zentralaren produkzioaren handitzeak ekar ditzakeen kalteen aurreran hartu beharreko neurriak hartzeko.
ZENTRAL TERMIKORIK EZ!