EAJk eta PSEk Amorebieta-Etxanoko Udalaren izenean bidaltzen dituzte oharrak komunikabideetara, baina ohar horietan ez dituzte inoiz oposizioko taldeak (EH Bildu eta Hiri Ekimena) aipatzen.
Komunikabide handietan nahiz herriko aldizkarietan argitaratzen dituzten oharretan, EAJk eta PSEk beti “ahazten” dute kontatzea EH Bilduko edo Hiri Ekimeneko zinegotziok esan, egin edo bozkatzen duguna.
EAJk uste du udaletxea berea dela eta “ahaztu” egiten zaio Amorebieta-Etxanoko Udala 17 zinegotzik osatzen dugula: EAJk 8 ditu, EH Bilduk 6, Hiri Ekimenak 2 eta PSEk 1. Komunikazio estrategia honekin Udal Gobernua herritarrak nahasten ari da eta egiaren zati bat ezkutatzen du.
Konponbidea erraza da: Amorebieta-Etxanoko Udalaren izenean komunikabideetara igortzen diren oharretan oposizioko taldeen iritziak jasotzea edo, EAJk eta PSEk egin dutena soilik kontatuko badute, oharrak jeltzaleen eta sozialisten izenean sinatuta joan daitezela.
Tamalez, EAJk Udal Gobernua eta Udala nahasten jarraituko duela uste dugu. 2017ko abenduaren 22ko osoko bilkuran, Andoni Agirrebeitia alkateak argi utzi zuen nork agintzen duen hemen: “Guk gure komunikazioa egiten dugu, gobernukoa. Zuek egin zuen komunikazioa eta kito. Ez dago besterik”.
Honekin guztiarekin lotuta, Hilero aldizkariaren kasua salatu behar dugu enegarrenez. EAJren oharrak kopiatzera eta pegatzera mugatzen du bere lana eta, ondorioz, oposizioko taldeak isilarazteko estrategian laguntzen du, nahita edo ez.
Norberak bere komunikabidean nahi duena argitaratzeko eskubide oso dauka. Hori argi dago. Arazoa da Hilero aldizkariak Udalaren diru-laguntzak jasotzen dituela, eta Udala ez da EAJ bakarrik. Udala ez da EAJk eta PSEk osatzen duten Gobernua soilik. Udala EH Bilduko eta Hiri Ekimeneko zinegotziok ere osatzen dugu, eta Amorebieta-Etxanoko herritarren zati handi bat ordezkatzen dugu.
Oposizioko taldeok plenoetan eta batzorde ezberdinetan egiten dugu lana ezkutatzen du Hilerok. Egitasmo bat babesteko edo atzera botatzeko erabiltzen ditugun argudioak ez ditu azaltzen eta EH Bilduren ekimenez aurrera atera diren proiektuak ez ditu aipatzen.
Hilero aldizkarian EAJk eta PSEk soilik dute hitza. Baina aldizkari horrek zornotzar guztion dirua jasotzen du (24.200 euro urtero) eta herritarrek ondo informatuta egoteko eskubidea dute, botoa alderdi bati, besteari edo inori eman arren.
Kasu honetan ere konponbidea erraza da: Hilerok EH Bilduko ordezkariekin ere hitz egitea, EAJk bidalitako ohar bat bere horretan publikatu aurretik. Tamalez, aldizkari horrek urteak daramatza gurekin berbarik egin gabe.
Kazetari profesionalek jakin badakite albiste bat idatzi aurretik informazioa bildu behar dela eta horretarako ezinbestekoa dela gai horretan inplikatutako alde guztiekin hitz egitea.
Egia osoa ez kontatzea gezurra esateko modu bat da, gizartea desinformatzeko eta manipulatzeko modu bat.