EAJk eta PSE-EEk plan urbanistiko berria onartu dute: nola aldatuko da Amorebieta-Etxano datozen urteetan?

Hiri Antolamendurako Plan Orokorra behin-behinean onartu dute EAJk eta PSE-EEk. Egitasmo horren arabera, Boroan lursail gehiago bideratuko dituzte industriarako, eta datozen urteetan 1.492 etxebizitza eraikiko dituzte Amorebieta-Etxanon.

Alabaina, horrek Zornotzako biztanleriaren hazkundea ekarriko du, eta Udal Gobernuak ez du aurreikusi herritarron beharrizanak asetzeko zerbitzu eta ekipamendu faltari nola aurre egin.

Zer da HAPO?

Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) epe ertain-luzera (15-20 urte) udalerriaren plan urbanistikoa definitzen duen tresna arautzailea da. Plan horretan zehazten dira, besteak beste, lurzorua zertarako erabiliko den (industriarako, etxebizitzetarako, zerbitzuetarako…); udalerrian behar ditugun ekipamenduak eta zerbitzuak zeintzuk diren; edota zein neurri hartuko diren gure ondare naturala babesteko.

Nola dago HAPOren tramitazioa?

EAJk eta PSE-EEk joan den uztailaren 29an onartu zuten, behin-behinean, Amorebieta-Etxano eraldatuko duen eta zornotzar guztiongan eragina izango duen Hiri Antolamendurako Plan Orokorra. Horrelako egitasmo garrantzitsu bat Zornotzako jaien ostean eta opor garaian egindako ezohiko osoko bilkura batean onartu izana ez da kasualitatea.

Oposizioko udal ordezkariok nahiz Amorebieta-Etxanoko gainerako eragileek eta herritarrek proiektu horren aurrean alegazioak aurkezteko aukera oztopatu nahi izan dute. Denbora gutxi izan arren, hainbat zuzenketa aurkeztu ziren proiektu horren kontra, baina EAJk eta PSE-EEk atzera bota dituzte gehienak, eta, funtsean, hasieran aurkeztu zuten plan urbanistikoa ezarriko dute.

Zeintzuk dira EAJk eta PSE-EEk onartu duten plan urbanistikoaren arrisku nagusiak?

ETXEBIZITZAK: Datozen urteetan 1.492 etxebizitza eraikiko dituzte Amorebieta-Etxanon, horietatik % 42,49 babes publikokoak (babes ofizialekoak eta tasatuak) izango lirateke. Alabaina, plan berriak ahalbidetzen du babestutako etxebizitza horietako asko (165) kanpoko auzoetara lekualdatzea, Ogenbarrenara -Marmoleria zaharreko eremura-, adibidez. Etxebizitza libreak erdigunean edo auzo onenetan kokatzen diren bitartean, babes ofizialekoak herrigunetik urrun eraikitzen ari dira. Horren ondorio negatiboa: lehen eta bigarren mailako auzoak -herritarrak- sortzen ari dira.

ZERBITZUAK: Zornotzak 3.000 biztanle baino gehiagoko hazkundea izan du azken 10 urteetan, eta etorkizunean askoz gehiago izango gara herrian, 1.492 etxebizitza gehiago eraikiko direla kontuan hartuta. Alabaina, hazkunde horrek Amorebieta-Etxanon izango duen eraginari buruzko azterketarik ez du egin Udal Gobernuak. Gehiago izango bagara, Udalak bermatu beharreko zerbitzuak ere gehiago izango dira. Nola egingo zaio aurre populazio hazkundeak udalerrian sortuko dituen ekipamendu beharrizanei? Zer gertatuko da, adibidez, aspaldi txiki geratu ziren kirol azpiegiturekin?

INDUSTRIGUNEAK: Plan berriaren arabera, Boroako industria-gunea beste 22 hektareatan handituko dute, enpresa eta lantegi gehiago eraikitzeko. Gure alegazioetan erabaki hori atzera botatzeko eskatu genuen, industriara zuzendutako lursail asko egun oraindik erabili gabe daudelako argudiatuta -Euban, adibidez, 20 hektarea inguru-.

Gainera, Eusko Jaurlaritzak berak gomendatu zuen Boroako eremu horren birkalifikatzea baliogabetzea edo, gutxienez, berrikustea, ondasun natural bezala duen balioa dela eta. Hala ere, Udal Gobernuak entzungor egin dio gure alegazioari eta Jaurlaritzaren gomendioari. Guk oso argi daukagu Boroako industria-gunea handitzeko erabakiak interes pribatuei mesede egitea duela helburu.