EAJk eta PSE-EEk osatzen duten Udal Gobernuak bi egitasmo garrantzitsu onartu ditu, astelehenean, uztailaren 29an, ez-ohiko osoko bilkura batean: alde batetik, zornotzarron oraina eta etorkizuna baldintzatuko duen Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO); eta bestetik, herriko hainbat elkarte eta eragileren haserrea eragin duen espazio publikoaren erabilerarako araudi berria.
Ez da kasualitatea hainbeste polemika eragin duten bi proiektu garrantzitsu horiek uztailaren 29an onartu izana, osoko bilkurak egiteko aurrez ezarritako egunetatik kanpo, Zornotzako jaiak amaitu ostean eta herritar asko opor garaian murgilduta dagoenean: udaletxean egiten ari direna ezkutatu nahi dute EAJk eta PSE-EEk, jendeak ez dezan fokua jarri aipatu proiektuen xehetasunetan; izan ere, egitasmo horiek euren interes alderdikoien arabera landu dituzte, baina gero ondorioak herritar guztiok pairatuko ditugu.
Halaber, salatu behar dugu Udal Gobernuak baztertu egin dituela Zornotzako EH Bilduk Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren aurrean bere garaian aurkeztutako alegazioak -plan horren tramitazioa 2015ean hasi zen, orain korrika eta presaka onartu badute ere-, baita espazio publikoaren erabilera arautzeko Ordenantzaren harira joan den maiatzean aurkeztu genituen zuzenketak ere.
Era berean, zakarrontzira bota dituzte Zornotzako hainbat elkartek eta eragile sozialek HAPOa eta Ordenantza zuzentzeko egin zituzten proposamenak. Horrenbestez, argi eta garbi adierazi behar dugu EH Bildu eta herriko eragileak mespretxatuz eta gure ekarpenak kontuan hartu gabe onartu dituela Udal Gobernuak aipatu bi proiektuak. Eta horri inposizioa esaten zaio.
Espazio publikoaren erabilera eta kaleko salmenta arautzeko Ordenantza behin-betiko onartu dute, eta jada ez da aukerarik egongo alegazio gehiago aurkezteko. Gauza bera gertatzen da HAPOarekin, behin-behineko onarpena jaso badu ere, ezingo baita zuzenketarik aurkeztu plan horren aurrean.
Gauzak horrela, enegarrenez ohartarazi nahi dugu Ordenantza berriarekin Udal Gobernuak aukera izango duela orain arte inolako arazorik gabe herrian antolatzen ziren ekimen kulturalak eta sozialak nahiz kirol ekintzak debekatzeko, baita kalean musika bozgorailuak erabiltzeko baimenak nahieran ukatzeko ere.
Bestalde, azpimarratu behar da Hiria Antolatzeko Plan Orokorra oinarrizko instrumentua dela lurraldearen antolaketarako; izan ere, plan horretan zehazten da, besteak beste, eraiki daitezkeen etxebizitza kopurua zein izan behar den eta etxe horiek non eraiki ahal diren; enpresak eta negozioak non kokatu daitezkeen; edota udalerrian behar ditugun ekipamenduak eta zerbitzuak zeintzuk diren.
Hortaz, EAJk eta PSE-EEk alde bakarrez diseinatu dute Amorebieta-Etxanoren hiri-eredu berria: gure udalerria datozen 15-20 urteetan nola eraldatuko den erabaki dute, eta plan horrek hemen bizi garen pertsona guztion egunerokoan izango du eragina.
Jarrai dezatela interes alderdikoien arabera gobernantzen, harropuzkeriaz, betoak jarriz eta inposaketarekin bidetik, baina ez gaitzatela inozotzat hartu eta utz diezaiotela Zornotza “arkalaz” eraikitzen dugunaren leloa saltzeari herritarren aurrean.
– Hiri Antolamendurako Planari buruz gehiago jakiteko, sartu hemen.
– Irakurri Gaizka Esparza zinegotziari egindako elkarrizketa, espazio publikoaren erabilera arautuko duen ordenantzaren harira.