EAJk eta PSE-EEk osatzen duten Amorebieta-Etxanoko Udal Gobernu berriak udaletxean lan egiteko funtzionamendua berrantolatu du, eta horrek oposizioan gauden alderdiei informazioa berandu helaraztea eta gardentasun falta ekarri ditu, baita bilerak eraginkorrak ez izatea ere.
Aurreko legealdian, bederatzi batzorde osatu ziren, herritarrei eragiten dizkieten gaiak jorratzeko. 2023-2027 agintaldian, baina, batzorde horiek hirura murriztea erabaki du alkateak. Horrek esan nahi du gaiak lantzeko, proposamenak egiteko eta erabakiak hartzeko denbora gutxiago izango dugula, bilera bakar batean hainbat gai ezberdin tratatu beharko direlako.
Adibidez, Hiritartasuna Batzordean ondoko arlo hauek guztiak sartu dituzte: Berdintasuna, Enplegua, Euskara, Gizarte Ekintza, Segurtasuna eta Udaltzaingoa, Hezkuntza, Kirola eta Kultura. Inork pentsatzen al du posible dela bilera bakar batean aztertzea eta erabakitzea arlo horiei guztiei lotutako arazoak eta gaiak? Argi dago ezinezkoa dela, eta guk konprobatu dugu irailetik abendurako tarte honetan.
Alderdi politikoetako ordezkariak hilean behin biltzen gara aipatu batzordeetan, eta, laburbilduz, bi dira gure zeregin nagusiak: batetik, gainerako alderdien proposamenak entzutea eta emandako informazioa aztertzea eta eztabaidatzea; eta bestetik, gure ekimen propioak aurkeztea eta defendatzea, ondoren Udal Gobernuak aurrera eraman ditzan.
Joan den legegintzaldian, nahi zuen guztia eta nahi zuen moduan egiteko baliatu zuen gehiengo absolutua EAJk; eta orain, pausu bat gehiago eman du inposizioaren bidean; izan ere, udaletxean ezarri duen antolaketa berriarekin oposizioko taldeok oso berandu jasotzen dugu gure lana ondo egin ahal izateko beharrezkoa dugun informazioa. Normalean, bi eguneko aurrerapenarekin bidaltzen digute bileraren gai-zerrenda; eta, sarritan, gai zehatzei buruzko txosten informatiboak ez dizkigute ematen.
Osoko bilkuretan ere jarrera berari eusten dio EAJk: informazioa oso epe laburrean helarazten digute; eta ez ohiko osoko bilkuretan, erregu edo galderaren bat planteatzeko aukera ere ukatu zaigu. Bilkurak arratsaldez egitea behin eta berriro proposatu dugu, herritarren parte-hartzea bermatzeko helburuz, baina horri ere ezetz esan diote.
Gauzak horrela, Zornotzako EH Bilduk salatu nahi du antolaketa berri horrekin gure ikuskaritza lana oztopatzen dela, eta inposatu duten funtzionamendu hori ez dela batere eraginkorra herritarren beharrizanei erantzuteko.
Edonola ere, eta oztopoak oztopo, lanean jarraituko dugu, zinegotzi gisa dauzkagun ardurak betetzeko, eta, beraz, zornotzar guztien beharrizanei, galderei eta proposamenei erantzuna emateko.