Udalak bi milioi euro izango ditu datorren urtean inbertsioak egiteko. Hori jakinda eta maiatzeko herri-programan agindutakoa oinarri hartuta, EH Bilduko zinegotziok 2020rako aurrekontu-egitasmo propioa landu dugu diru hori zertara bideratu beharko litzatekeen zehaztuta.
Oposizioan egon eta EAJk gehiengoa izan arren, legealdi berrian EH Bildu arduraz eta iniziatibarekin arituko zela agindu genuen maiatzeko udal-hauteskundeen ostean, eta hala ari gara lanean. Horren erakusgarri da, besteak beste, 2020rako aurrekontu-egitasmo propioa landu dugula.
Udal Gobernuak badauka gure egitasmoaren berri eta azaroaren 22ko osoko bilkuran defendatuko dugu.
Amorebieta-Etxanoko Udalak bi milioi euroko aurrekontua izango du datorren urtean inbertsioak egiteko. Hori jakinda eta maiatzeko kanpainan aurkeztu genuen herri-programa oinarri hartuta, EH Bilduk zenbateko hori honela bideratzea proposatzen du:
– KARPA BAT EROSTEA: Herriko jaiak, auzoetako jaiak, Haizetara, Inauteriak, Gazte Eguna, Euskal Jaia… Urtean zehar hamaika ekimen egiten dira herrian eta kasu gehienetan karpa bat alokatu ohi da. EH Bilduk karpa handi bat erostea proposatzen du, herriko elkarte eta eragile ezberdinek antolatutako ekimenetan erabili ahal izateko.
– TANTORTA AUZOAREN URBANIZAZIOA: Udalak Eroskiren esku utzi zuen Tantorta auzoa eraberritzeko ardura. Lau urte igaro dira proiektu horri buruz lehen aldiz eztabaidatu zenetik, baina dena geldi dago. Beraz, eta Tantortako bizilagunen beharrizanei behingoz erantzuteko, auzo hori urbanizatzeko ardura Udalak hartzea eskatzen dugu, horretarako baldintza ekonomiako eta sozialak ematen direla iritzita.
– LURSAILAK EROSTEA: Ingurumena zaintzeko eta aisialdirako gune gisa erabiltzeko asmoz, Udalak zenbait lursail erostea proposatzen dugu. Espekulazio kasuak ekiditeko, oraingoz ez dugu publiko egingo lursail horiek zeintzuk diren.
– KONTSUMITZAILEAREN BULEGOA: Zornotzarrok ez dugu aukerarik Durangaldeko kontsumo-bulegora jotzeko, eta Bilbora joan behar dugu. Egoera honi irtenbidea eman behar zaio eta, EH Bilduren ustez, Amorebieta-Etxanoko Udalak badu ahalmena kontsumitzailearen bulego batek ekar ditzakeen finantza-tentsioei eusteko.
– CO-WORKING ESPAZIOA: Egun, bai baliabiderik ez daukaten ekintzaile zein autonomoentzako espazio bat ahalbidetu behar dela uste dugu, bertan oinarrizko baliabideak jarriz (argia, ura, Internetera sarbidea –WiFi edo/eta kableatua–) eta horretarako beharrezkoak diren altzariak eta bilera gelak ezarrita. Hau guztia azken urteotako enplegu planetan jasota dagoen autoenplegu egitasmoarekin bat dator.
– ENERGIA BERRIZTAGARRIA BULTZATZEKO AUKEREN AZTERKETA: Urtero eskatzen dugu energia berriztagarriak bultzatzeko aukerak aztertzea herrian. Bada, azterketa hori behingoz egitea proposatzen dugu berriro ere.
– SANTA LUZIA ETA LEGINETXE ARTEKO BIDEAREN KONPONKETA: Santa Luzia eta Leginetxe arteko bidea konpontzea proposatzen dugu.
– ZELAIETA PARKINAREN IZAERA ERROTATORIOA: Herrian galduko diren aparkaleku kopurua kontuan izanik, eta biztanleria goraka doala jakinda, Amorebieta-Etxanon aparkaleku alternatibo guztiak aprobetxatu behar ditugu. Zelaietako parkinaren zati handi bat okupatu gabe dago. Parkinaren jabetza daukan enpresarekin akordio batera iritsita, txandako sistema bat ezartzea eta plaza horiek errotaziokoak izatea proposatzen dugu.
– EMAKUMEAREN ETXEA SORTZEA: Politika eta plan feministei bultzada emateko, ezinbestekotzat jotzen dugu Amorebieta-Etxanoko emakume taldeek espazio propio bat izatea. Horregatik, Emakumearen Etxea sortzea proposatzen dugu.
– GAZTE-GUNE AUTOGESTIONATUA SORTZEA: Nerabeek euren espazio propioak behar dituzte. Lonjek sarritan dakartzaten kontraesanei aurre eginez, gazteentzako gune autogestionatu bat sortzea proposatzen dugu. Gazteek erabiltzeko eta gazteek kudeatutako gunea izango litzateke.
– KARGU PUBLIKOEN SOLDATA ETA DIETEN BEHERAPENA: Eskualdeko hiriburu edo herririk handiena izan gabe ere, Amorebieta-Etxanoko udaletxek soldatak eta dietak dira Durangaldeko handienak. Hortaz, eta urtero eskatzen dugu moduan, kargu publikoen soldatak eta dietak jaistea eta diru hori gastu edo proiektu sozialetara bideratzea proposatzen dugu.