EH Bilduk gora egin du Amorebieta-Etxanon: 7 zinegotzi lortu ditu eta EAJri gehiengo absolutua kendu dio

Gorako joera dauka EH Bilduk Zornotzan. Atzo 3.647 bozka jaso genituen, 2019an baino 431 gehiago eta, beraz, datorren legealdian 7 zinegotzi izango ditugu Udalean.

Azken hilabetean, behin eta berriro azpimarratu dugun mezua izan da badugula lantalde itzela eta baditugula neurri zehatzak eta proiektu estrategikoak zornotzar guztion bizi-baldintzak hobetzeko. Eta, maiatzaren 28ko udal hauteskundeetan, Zornotzako EH Bilduren helburua zein den argi eta garbi adierazi genuen: EAJri gehiengo absolutua kentzea eta zazpigarren zinegotzia eskuratzea. Eta, zuen babesari esker, lortu dugu! Egingo genuela esan genizuen, eta, zuen babesarekin, egin dugu!

Gorako joeran jarraitzen dugu Amorebieta-Etxanon. 431 boto gehiago eskuratu ditugu. 431 lagun gehiago gara. Guztira, 3.647 boto lortu ditugu, eta 7 zinegotzi (+1) izango ditugu datorren legegintzaldian. Ezker independentistak gure herrian inoiz izan duen emaitzarik onena. Emaitza historikoa.

EAJk segitzen du izaten lehen indarra Amorebieta-Etxanon, baina 650 boto baino gehiago galdu ditu, eta 9 zinegotzi izatetik 8 izatera pasatu da. Horrenbestez, legealdi berrian ez du gehiengo absoluturik izango, eta bistakoa da aukera berriak ireki direla, gobernagarritasunari dagokionez. Udalak datorren ekainaren 17an osatuko dira Euskal Herriko herri guztietan, eta, beraz, datozen asteetan argituko da Amorebieta-Etxanon nork eta zelan gobernatuko duen.

Edonola ere, Udal Gobernuan egon ala oposizioan egon, EH Bildu Zornotzako ordezkariok bide beretik jarraituko dugu: ilusioz, umiltasunez eta arduraz egingo dugu lan udaletxean eta kalean. Auzoetara joaten segituko dugu eta herri mugimenduekin elkarlanean arituko gara. 3.647 zornotzarren babesarekin inoiz baino indartsuago gaude Amorebieta-Etxano eraldatzeko eta gure herrian bizi diren pertsona guztien bizi-baldintzak udalgintzatik hobetzeko.

Amaitzeko, gure esker ona adierazi nahi diegu hautagaitzako kideei –badakigu ez dela erraza izaten urrats hori ematea- eta azken hilabeteetan hainbat esparrutan lanean ibili zareten guztioi: herri-programaren lanketan, ekitaldien antolaketan, bideogintzan, aldizkariaren edizioan eta banaketan, webgunearen eta sare sozialen kudeaketan, hauteskunde egunean interbentore lanetan, botoen banaketan… MILA ESKER!

EH BILDU ZORNOTZA