EH Bilduk herritarrekin eta eragile desberdinekin prozesu parte hartzaile bat jarriko du martxan, espazio publikoaren eta kale salmentaren ordenantza berria ontzeko. Era berean, bide judizialari ekingo dio, indarrean dagoen ordenantzak eduki eta forma akatsak dituela ulertuta.
Joan den uztailean, udal gobernuak espazio publikoaren eta kale salmentaren ordenantza berria onartu zuen. EAJk eta PSOEk osatzen duten udal gobernuak erabaki hau herri mugimenduari, tartean eragile eta elkarte ezberdinek osatutako “Ordenantza honi ez!” plataformari, eta oposizioa osatzen dugun bi alderdiei entzungor eginez hartu zuen. Hasieratik adierazi genion udal gobernuari zornotzarron elkarbizitza arautuko duen dokumentua ostalari, komertzio, elkarte, eragile eta norbanakoen partehartzearekin eratu beharko litzatekeela. Mahai gainean jarri genuen prozesu hori abian jartzeko proposamena eta laguntzeko gure prestutasuna agertu genuen.
Aitzitik, aldebakarrez eratutako dokumentu bat aurkeztu zitzaigun. Ordenantza proposamena aztertuta, bai forma bai eta eduki aldetik, akats ugari zituela atzeman genuen. Besteak beste, ordenantzak ez zuen hitzaurrerik edo zioen azalpenik; araueraginaren azterketak, edukiari dagokionez, ez zituen legezko gutxienekoak betetzen; genero-eraginari buruzko txostena ere ez zen ageri; eta aurrekontu-txosten teknikorik ere ez zen jaso. Gabezia hauek ordenantzaren hasieratiko deuseztasuna ekar lezakete.
Ordenantzaren eraginpeko subjektu, agente eta herri plataformek ere proposamenarekiko erabateko desadostasuna agertu zuten, partehartze gabe gauzatua eta arbitrarioa zela iritzita. Gure lehen proposamena, eta gerora alegazio bihurtu dena, beti izan da herritarren nahia errespetatzea, partehartzean oinarritutako prozesu demokratiko bat abian jartzea, herritarrei zuzen-zuzenean eragingo dien ordenantza bat herria kontuan hartu gabe egiteak porrota baino ez dakarrela baiteritzogu. Aldiz, esan bezala, partaidetzarik gabeko ordenantza bat onartu da, herriari bizkar emanez, eta gure ustez, legezko eskakizunak bete gabe.
Guzti hau medio, EH Bilduk prozesu parte-hartzaile bat martxan jartzeko erabakia hartu du, inplikatutako herritarrekin eta tokiko eragileekin bilerak, elkarrizketak eta mahai inguruak antolatuz, guztion interesak ordezkatu eta babestuko dituen ordenantza bat eratzeko asmoz. Honi lotuta, eta helburu berarekin, ordenantza hau auzitegietan helegitea ere erabaki dugu, arestian esan bezala, ordenantza bertan behera uzteko legezko arrazoiak daudela iritzita.
Badakigu gure lan eremua politiko-instituzionala dela batik bat, baina herritarren eskubideak errespeta araztea, herria politika instituzionalean agente aktibo izatea eta udal gobernuaren kudeaketa fiskalizatzea ere bada gure lana, eta hori da prozesu partehartzaile bat bideratzera eta ordenantza epaitegian helegitera eraman gaituena, herritarren borondatea errespetatzeko bitartekari izateko aukeratu gintuztelako, eta zentzu horretan, herriak ozen adierazi du ordenantzarekin bat ez datorrela.
Jakin badakigu bide judizialari ekiteak, baita prozesuaren garapenak berak ere, aldeko emaitza izan dezakeela edo ez baina, hala ere, herriaren eskaerei eta gure printzipioei leial izateko betebehar morala, etikoa, eta horrela badagokio, legezkoa dugu.
Argi utzi nahi dugu erabaki hau ez dagoela kalkulu politikoaren parametroetan hartua, horrela balitz ziur aski ez genuke pauso hau emango, helburu bakarra ordenantza hau geldiaraztea, hasierako lerrora itzultzea eta berau parte-hartze bermeak errespetatuz eratzea da, eta horrela adierazi diogu udal gobernuari eta herriari hasiera-hasieratik. Hau da, beraz, Zornotzako EH Bilduk hartu duen erabakia eta zuoi jakinarazi nahi dizueguna.