Amorebieta-Etxanoko herritarren bizi-baldintzak hobetzeko zazpi proiektu estrategiko landu ditu EH Bilduk

Kirolgune multifuntzionala Berezikoetxen, Emakumeen Etxea, erabilera askoko Ixerbekoa Kulturgunea, etxebizitza eta alokairu sozialak, zaintza eredu komunitarioa… Amorebieta-Etxanoko herritarren bizi-baldintzak hobetzeko asmoz EH Bildu Zornotzak ezarri nahi dituen ideia, neurri eta proiektu nagusien zerrenda topatuko duzue ondorengo lerroetan.

EH Bilduk Berezikoetxen kirol gune multifuntzional bat eraikitzeko proiektua landu du, Zornotzak dituen kirol azpiegitura eta zerbitzu faltari erantzuteko asmoz. Bideo honetan ikusten duzuna proposamen bat baino ez da, eta proiektua egokitu egingo dugu kirol taldeen, kluben eta herritarren beharrizanak eta ekarpenak kontuan hartuta.

Zaintza eredu komunitario berria bultzatuko dugu, pertsonetan oinarrituta; eta, besteak beste, egun enpresa pribatuen esku dauden etxez etxeko laguntza eta eguneko zaintza zerbitzuak Udalaren esku egongo dira, EH Bilduk Zornotzan gobernatuz gero.

Emakumeen* Etxea sortuko dugu, udal baliabideak baliatuta, Zornotzako Mugimendu Feministak, emakumeen elkarteek eta LGTB kolektiboak beraien espazio propioa izan dezaten. Topagune bat baino gehiago izango da. Politika publiko feministak bultzatzeko, indarkeria matxistarik gabeko bizitzak sustatzeko edota sexualitateak askatasunez bizitzeko tokia izango da.

EAJk Ixerbekoa udal kiroldegia bota egin nahi du, lursail hori saldu eta enpresa pribatu batek etxebizitzak eraiki ditzan. Zornotzako EH Bilduk eraikin hori eraberritzea eta erabilera askoko zentro bilakatzea proposatzen du. Zertarako? Udal zerbitzuak eskaintzeko; urtean zehar, herrian antolatzen diren ekimenak han egin ahal izateko: azokak, kultur ekitaldiak, erakusketak, musika jaialdiak…; eta Zornotzako herri mugimenduei, elkarteei eta taldeei espazio bat eskaintzeko.

Amorebieta-Etxanon bizitzea ezinezkoa da gazteentzat, etxeen prezioak eta alokairuak izugarri garestiak direlako. Premiazkoa da politika publiko berriak egitea, Udaletxeak etxebizitza duin bat eskuratzeko bidea erraztu behar die herritarrei. Horregatik, EH Bilduk etxebizitza eta alokairu sozialak bultzatuko ditu, beste hainbat neurriren artean.

Amorebieta-Etxanon Udal Hezkuntza Kontseilua sortzea bultzatuko dugu, ikastetxe desberdinen arteko kohesioa lortze aldera.

Larrialdi klimatikoari eta krisi energetikoari aurre egiteko neurriak udalerrietan ere erabaki daitezke, eta hala egitea premiazkoa da. Horregatik, Energia Komunitate Lokala sortuko dugu, non Zornotzako enpresa txiki eta ertainek, herritarrok eta Udalak parte hartuko dugun; eta Udal Energia Bulegoa irekiko dugu, beharrezkoak diren neurriak abian jartzeko.

HERRI-PROGRAMA OSORIK: http://ehbilduzornotza.eus/dokumentuak/

GURE BIDEOAKhttps://www.youtube.com/@ehbilduzornotza