Emakumeek Zornotzako kaleak hartu dituzte euren aldarrikapenak mundura zabaltzeko

Jendetza bildu da Urgozoko kontzentrazioan. Argazkia: Zornotzako Talde Feminista

Ehunka emakume batu dira Urgozo iturriaren parean egin den elkarretaratzean. EH Bilduko emakume zinegotziek ere planto egin dute eta Mugimendu Feministak herrian deitutako mobilizazioetan izan dira.

2018ko martxoaren 8ko Emakumeen Nazioarteko Eguna borroka feministaren inflexio puntu bilakatu da Euskal Herrian. Munduko 70 herrialdetan bezala, Euskal Herrian ere emakumeek grebara jo dute, Mugimendu Feministak deituta.

Ez-ohiko greba izan da, enpresa mundutik harago joan dena. Emakumeak kalera atera dira euren eskubideen defentsan, prekarietatearen kontra, soldata-arrakalaren aurka, indarkeria matxista salatzeko, egunero egiten dituzten lan ikusezin horiek azaleratzeko eta, emakume guztiek planto eginez gero, sistema, mundua, dena gelditzen dela erakusteko.

Zornotzan ere mobilizazio eta ekimen ezberdinak izan dira egun osoan Talde Feministak antolatuta. Eguerdian, esaterako, jendetza bildu da Urgozo iturriaren parean egin duten elkarretaratzean. Iluntzean, 20:00etan, beste kontzentrazio bat egin dute toki berean eta berriro ere lagun asko bildu dira.

Ekitaldiari amaiera emateko irakurketan, greba feministaren arrazoiak eta helburuak azaltzeaz gainera, Zornotzako Texajax enpresak emakume bat amatasun-baja hartzeagatik kaleratu nahi duela salatu dute. Ildo berean, emakume horri Talde Feministaren babes osoa duela helarazi diote.

Bestalde, Amorebieta-Etxanoko Udalak deitutako bilkura instituzionala 13:00etan egin dute Udaletxeko plazan eta han ere emakume ugari elkartu dira. EH Bilduko ordezkariak ere bertan izan dira.

Zornotzako EH Bilduko emakume zinegotziek ere planto egin dute. Goizean ez dira udal-batzordeetara joan eta beren eginkizunak taldeko gizonezkoek bete dituzte. Halaber, Mugimendu Feministak herrian deitutako mobilizazioetan izan dira.

Lau orduko lanuzteak egin dituzte goizean (11:00-15:00) eta arratsaldean (18:00-22:00). Mobilizazio nagusiak Euskal Herriko hiriburuetan egin dituzte, eguerdian eta iluntzean. Milaka emakumek parte hartu dute manifestazio eta elkarretaratze horietan.

ZORNOTZAKO MOBILIZAZIOAREN ARGAZKIAK

(Iturria: Zornotzako Talde Feminista)