Urriaren 1eko erreferendumaren bezperako egunean gaudela, harri eta zur geratu gara euskaldunak kataluniarrek erakutsi duten sendotasunagatik, ausardiagatik, inteligentziagatik, serenitatearekin eta, uneoro, era baketsuan eraso guztien aurrean erantzuteko erakutsi duten gaitasunarekin eta hainbat neurri hartuz izan duten trebeziarekin.
Oso bestelako egoera izan zen, Ibarretxeren planarekin gertatutakoa. Eusko Jaurlaritzaren gehiengo soilez, eta atzean herria izan barik, Ibarretxe etxera.
Beraz, irakatsia argi dago, lehenengo herria aktibatu behar gara eta ez PNVk edo PSOEk zer egiten duten begira egon.
Horregatik, ezinbestekotzat jotzen dut Gure Esku Dagorena bezalako ekimenak indartzea, babestea eta bultzatzea.
Gure Esku Dago askatasunaren itsasora joan nahi duen erreka da eta herritarrok erreka hori bete behar dugun ura gara, tantaz tanta bidean aurkitutako oztopo guztiak gainditzeko behar-beharrezkoak.
Beraz, jaitsi gaitezen denok erreka horretara indartsuago, erreferentzialagoa izan dadin erabakitzeko eskubidearen alde.
Euskal Herria errespetatua izateko, jakina, ezinbestekoa da burua ondo gora eramatea eta mundu guztiak bizi-bizirik gaudela jakitea. Horretarako, “txapon trukeez” harago, duintasunean sakontzen jarraitu beharko dugu: gu zer garen ez du inongo kanpoko Konstituziorik inposatu behar, gu nortzuk garen ez du Espainiako Nortasun Agiririk seinalatu behar. Guk idatzi behar dugu gure Konstituzioa, guk inprimatu behar dugu gure Nortasun Agiria.
Nolanahi ere, oinarri-oinarrizko gai horiez gain, daukagun gizartearen iritzi kritiko zintzoa landu beharra dago:
– Lan-munduari dagokionean, prekarietateaz, langileen pobreziaz, lan banaketaz,…
– Natura eta ingurumena errespetatzen duen Euskal Herria.
– Hainbat kolektiboen esklusio soziala, arraza, erlijio, sexu aukeragatik… Errefuxiatuak ongi etorri!
– Gizon-emakumeen berdintasuna.
– Kultura aktiboa, kontsumitzaileaz harago.
– Euskara hizkuntza nagusia bihurtzeko urrats sendoak, hizkuntza aniztun herritarrek osatzen duten Euskal herrian.
– Solidaritatea herritik bertatik nazioarte mailara.
– Globalizazio ekonomikoa eta politikoa hedatzeko komunikabideen zeregina.