Gudari kalea ibilgailuentzat behin betiko itxi dutela eta, zein da zure iritzia?

Amorebieta-Etxanoko Udal Gobernuak, alde bakarrez eta bizilagunak eta merkatariak aurrez informatu gabe, Gudari kalea -Zelaieta parkearen pareko errepide zatia- ibilgailuentzat betirako itxi zuen joan den uztailean. Erabaki horren harira, hainbat kexa jaso ditugu. Hori dela eta, datorren ostegunean Gudari kalean izango gara, inguruko bizilagunen eta merkatarien iritziak aurrez aurre entzuteko. Halaber, WhatsApp bidez edo posta elektronikoz zuen ikuspuntua guri helarazteko deia egiten dizuegu.

Hainbat herritarren kexak eta eskariak jaso ondoren, 2020ko irailaren 16ko hirigintza batzordean, Gudari kaleko 11. portaletik lehenera doan errepide zatiaren erabileraren inguruko azterketa egitea eskatu genuen. Asteburuetan eta jaiegunetan ixteko erabakia hartu zen, batez ere gazteen eta haurren segurtasunagatik, ezbehar bat izatearen arriskua ikusten baitzen.

Joan den uztailaren 17an, baina, komunikabideen bitartez jakin genuen Gudari kalearen zati hori behin betiko itxiko zutela ibilgailuentzat. Udal Gobernuak alde bakarrez jarri zuen neurri hori indarrean, aurrez udal teknikariekin, bizilagunekin eta merkatariekin, eta udaletxean ordezkaritza dugun gainerako alderdiekin aukera hori aztertu gabe, eta aurrez informaziorik eman gabe.

Udal Gobernu baten gutxieneko jokabidea izan beharko litzateke edozein neurri indarrean jarri aurretik neurri horren eragina jasango duten pertsonak informatzea eta balizko kaltetuekin lanketa bat egitea.

Harrezkero, inguru honetan bizi edo lan egiten duten herritar batzuk hurbildu zaizkigu euren iritziak eta kezkak adierazteko gogoz. Kontuan izan behar dugu Gudari kalearen itxierak ez diela soilik kale horretako bizilagunei, dendariei eta tabernei eragiten, erdigune osoaren zirkulazio eredua aldatu baitu, eta orain trafikoa Txiki-Otaegi, San Pedro, Ibaizabal eta Nafarroa kaleetara bideratu dute.

Gauzak horrela, inguru horretako biztanleen ikuspuntua jakitea ezinbestekoa da Zornotzako EH Bildurentzat. Horregatik, datorren ostegunean -urriak 26- Gudari kalean izango gara (19:00), zuekin hitz egiteko prest.

Bertaratu ezin baduzu edo, besterik gabe, gai honen inguruko iritzia telematikoki eman nahi baduzu, jar zaitez gurekin harremanetan WhatsApp bidez (688 837 777) edo zornotza.ehbildu@gmail.com posta elektronikora idatziz.

Gudari kalearen errepide zati bat behin betiko itxi dute ibilgailuentzat. Zein da zure ikuspuntua neurri horrekiko?

1. Behin betiko eta uneoro ibilgailuei itxita egon beharko litzateke.

2. Itxiera partziala izan beharko litzateke: astegunetan, ordu tarte batean irekita, ordu tarte batean baimendutako ibilgailuentzat irekita…

3. Orain arte bezala asteburuetan eta jai egunetan itxi beharko litzateke.

4. Beste aukera bat.