Inpunitatea

Azken egun hauetan, beste behin ere, errealitateak eguneroko azalera ekarri digu jakitun ginena, hots: 2004an martxoaren 11ko Madrilen izandako atentatuak gertatu eta handik gutxira Gobernuak (hartan Alderdi Popularrak gobernatzen zuen) eta espresuki Gobernu presidenteak jakin bazekiten islamistak gauzatutako ekintza bat zela, baina hala ere lehenengo momentutik ETA erakunde armatuari egotzi zioten egiletza.

Dokumentu berriek agerian uzten dute Gobernu buruaren presioak egon zirela atentatuen egiletza euskal erakunde armatuari leporatzeko eta hor tematu ziren, gotortu, pentsatuz bide egokiena zela handik lau egunera zeuden hauteskunde orokorrak irabazteko. Pentsa daiteke alderdi politikoek dituzten trikimailuak edota amarruak direla, unean bolo-bolo dabilen egia, beste nonbaitera bideratzeko eta horrela denbora apur bat irabazteko.

Denok bat etorriko gara tentsio handiko momentuak eta egunak izan zirela, eta kartzelan ere modu berean bizi izan genituen. Sortu zen giro tentxoa probestu zuten kartzeleroek preso arruntek gure aurka oldartu zitezen eta kartzela batean edo bestean jipoi mehatxuak egon ere egon ziren. Kartzela gehienetan gu “babesteko” isolamendu moduluetara eraman gintuzten, guk inolako babesik eskatu ez genuenean.

Orduan boterean zegoen PP alderdiak nahita egindako hanka sartze bat izan zen, zerbitzu sekretuak ere Gobernuak emandako bertsio ofiziala onartzera derrigortu baitzituzten. Jakina, Irakeko inbasioari baietza eman zioten eta atentatuen egiletza islamistena zela frogatu edo baieztatu ezkero argi zeukaten handik lau egunera zeuden hauteskunde orokorrak galduak zituztela. Eta hor gotortu ziren, bertsio ofiziala mundu guztiko enbaxadei zein hedabideei inposatuz. Nago, ez dela nolanahiko akatsa!

Estatu bat hiru boteretan (exekutiboa, legislatiboa eta judiziala) oinarritzen denean, pentsa daiteke norabide desegokian dabilen botere bat (exekutiboa) beste botere batek zuzendu beharko lukeela. Kasu honetan, judizialak beharko zukeen izan, baina ez zen inon ageri. Eta okerragoa dena, gaur da eguna oraindik ahorik zabaldu ez duela.

Hemen “trantsizioa” (frankismotik demokraziara bitarteko bidea) modelo gisara saldu zuten urteetan, kanpoan ere saltzeraino baina, martxoaren 11an gertatutakoaz eta diskurtso ofiziala mehatxuz inposatzea nahiko froga da epaile batek kargu hartzeko horren tamainako gezurrari eta behar direnak auzipetzeko. Hemen oraindik ez da horrelakorik gertatu eta ematen du iparraldeko haize finak firin-faran urte askotarako duela batzuen larmintzak bigundu artean.

Inoiz norbait inputatuta ikusiko dugu? Inoiz epaile ausart bat aterako da esanez orduan gertaturikoak merezi duela bat baino gehiago akusatuen aulkian eserita ikustea? Edo pentsatu behar dugu gezurrak ere parametro ezberdinak dituela “pertsonajeak” nor diren jakinda? Estatu espainolean dena da posible, batik bat independentisteei egurtzea bada. Horien kontra joateko beti dago epaitegi bat zabalik, beti dago epaile ausart bat, nahiz gezurretan aritu, sumario berri bat irekitzeko. Jakina, Estatu gabeko herriak larrutik ordaindu beharreko txanponak dira.