Murriztuta bizi gara joan den hilabeteetan. Ezezkoaren baitan, dena ukazio eta ukabide. Errua eta ardura egotzi dizkigute, pandemia mundial baten baitan norbanakoak duen jarrera salatuz. Indibiduoan arreta jarriz. Atzamarrarekin seinalatu eta kulpak banatu. Autokritika zero, neurri zentzudunak zero. Dena debeku. Produktibo izateari muzin egin gabe, gainontzeko bizitzaren ertz gehienak kamustu dizkigute, neurri zorrotzak ezarri eta ezetz horretan bizitzera ohitzera behartuz, kasik kondenatuz.
Luze doa, luzeegi. Eta argitasun pixka bat nabaritzen den bakoitzean, egoerak hobera egiten duela ematen duen bakoitzean, ttak! berriro erruak, kasuak, neurri berriak eta finean, zentzu gabe gorbatadunek hartzen dituzten erabaki fantastikoek iluntzen dute egunerokotasuna.
Bitartean baina, murrizketak ez dira izurriteari aurre egiteko neurri bezala bakarrik hartzen. Murrizketak ez dira egoerari buelta emateko asmoz hartzen. Osasungintza publikoa desmantelatzen ari dira pandemia baten izenean. Medikuarekin hitzordua hartzea ezinezko bihurtu da kasu askotan eta insistentzia ariketa beste batzuetan. Kontziliazio familiarrari izkin eginda, konfinatuta dauden haurren guraso askok ezin dituzte seme-alabak zaindu eta mugikorrean deskargatuta dugun pasaporte horrek eskubideak ematen dizkigu batzuoi, besteei kentzen dizkieten artean. San Tomasetan ezin herrietako plazetan taloa dastatu, baina larunbat arratsaldean edozein saltoki handitan ehundaka pertsona batu gaitezke gabon gauerako langostinoak erosten.
Luze doa, luzeegi; eta murritz gaude, murriztuegi.