Parte hartu? Nik? Zergatik?

Baliteke hori izatea hainbatek bere buruari egindako galdera, EH Bilduk gure herrian alkategaia aukeratzeko prozesua sare sozialen bidez iragarri duenean.

Hiru arrazoi ematen ditut horretarako, nahiz eta gehiago ere eman ditzakedan:

1- EH Bilduren giltzarrietako bat parte-hartzea izan da beti. Nola da posible kanpoan parte hartzea bultzatu behar dela esatea eta gurean honelako prozesu bat abian jartzen dugunean parte hartu behar dugun ala ez zalantzan jartzea? Ez da naturala. EH Bilduk ez du hauteskundeetan oinarritako parte-hartze bat bakarrik nahi, hori hauteslegoaren adimenari barre egitea izango litzateke; parte-hartzeak hauteskundeetatik harago joan behar du. Hauteskundeen aurretik eta ondoren bultzatu behar da herritarren parte-hartzea.

2- Sarritan esaten dugu, lagunartean, familian eta beste hainbat testuingurutan: “Ni hor egongo banintz… Nik aukera izango banu… Hau edo bestea egingo nuke”. Ederto. Hemen aukera, nahi den alkategaia hautatzeko eta EH Bilduk norberarekin identifikatzen duen zerrenda izateko.

3- Duela 7 urte aurkeztu ginenean, ez genuen izan zerrenda honelako baldintzetan prestatzeko aukerarik. Are gehiago, zerrenda hura baliogabetua eta zerrendakideon eskubideak urratuak izan ziren, beste batzuei gure aurretik gertatu zitzaien moduan, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak aurkezteko zilegitasun osoa genuela ebatzi zuen arte. Bada, horixe da beste arrazoietako bat: oraingoan gure alkategaia modu natural batean hautatu ahal izango dugu, eta ez beste inork edo beste ezerk baldintzatuta.

Oraindik ere, zalantzak  izatea eta, zergatik ez, nagikeria apur bat egotea uler dezaket. Baina behin hautagaia aukeratuta, ez da atzera bueltarik izango. Ordurako zure gustuko pertsona (ideia) baten alde egiteko aukera galduta izango duzu. Merezi al du aukera horri uko egiteak? Nire ustez, ez. Konbentzituta nago prozesu honetan parte-hartzeak merezi duela, batez ere EH Bildun eta koaliozio honek alkatetza lortuz gero herrian egin ditzakeen aldaketetan sinesten badugu.

EH Bilduk Arkimedesen hitzak bere egiten ditu orain: “Eman laguntza puntua eta mundua mugituko dut”. Parte hartu dezagun alkategaia denon artean izendatzeko prozesuan eta gure herria eraldatzeko gai izango den zerrenda eratuko dugu guztion artean.

Oraindik gogoan daukat gure lehen hauteskunde-leloa: ‘Zeu zara Amorebieta-Etxano’. Eta orain nik honakoa diot: ‘Zeu zara EHBILDU’.

Besarkada handi bat.


Urko Lopez | Zornotzako EH Bilduren bozeramailea