Pintadak

Memoria dudanetik, haurtzaro koxkorretik, margo arrastoak ikusi ditut kaleetako paretetan. Beltzak, gorriak, urdinak. Batzuetan esaldi aldarrikatzaileak, besteetan artelanak, noizean behin zakilak (aluak ez dira hain ohikoak izan, onar dezagun), esaldi erromantikoak edo mezu faxista nazkagarriak.

Espraiak, pinturak eta errotulkiak.
Komun ateetako poemak, institutuko mahaiko mezuak, mural koloretsuak, elkartasun keinuak eta borroka aldarriak.
Bakoitzak bere horretan, denek sorrarazten diote zerbait aurrean duen ikusleari. Kaletik zoazela ikusten duzun pintada batek eguna poz diezazuke, barretxo bat margotu edo buruari eraginarazi. Horma zikinduek zerbait diote, adierazi, trasmititu… eta ikusleak bere arabera hartzen du hori, batzuetan gogoz eta besteetan kontra. Hori da artearen sekretua, denok ez dugula berdin jasotzen baina denongan uzten duela arrastoa. Denoi kitzikatzen digu azala.

Batzuek, baina, paretak azala baino finago dituzte antza, eta berdin zaie herriko artista gazte batek egindako lana pinturaz eta multaz estali zein herriko mural historikoak brotxaren zuriz margotu. Berdin, elkartasun keinuak, kale-artea eta herri identitatea.
Euskal Herriaren oraina ta geroa jo-puntuan, ezabatzeko arriskuan.
Izango da agian Euskal Herrian kabitzen ez direlako, oraina zikintzen dihardutelako edo geroa belztuko digutelako. Ez orainik ez gerorik. Ez orain ez gero. Adierazpen askatasuna garesti saltzen da Zornotzako Udal Gobernuan.

“Maite dudalako sortzen dut”, baina, “Emosido engañado”.