Amorebieta-Etxanoko Udalak 2.000 eurotik gorako isuna jarri dio Martz artista zornotzarrari; bere artelanak Zornotzako hormetan egiteagatik diruz zigortu du margolaria eta kaleko bere lanak ezabatu ditu. Hori dela eta, atzo egindako agerraldian zigor espedientea kentzea eskatu zuen eta arte adierazpenaren askatasuna aldarrikatu zuen.
2012. urtetik gaur egunera arte margoaren bitartez, kaleko hormetan zein lientzoetan margotu izan du Martzek, eta atzoko agerraldian adierazi bezala, bere lanetan beti izan ditu kontuan jendearekiko errespetua eta, horma edo euskarri pribatuetan margotzerakoan, jabearen iritzia. Horrez gain, margolariak adierazi zuen, bai jendarteak, bai komunikabideek, beti ikusi izan dutela bere lana begi onez.
Bestalde, Udal Gobernuari kontraesanetan aritzea leporatu dio: kaleko arte adierazpen batzuk goraipatzen dituen bitartean, besteak beste, Enrique Renteria lehiaketa edota Zintzilik, beste batzuk ukatzen dituelako, esaterako, kaleko hormak euskarri dituztenak. Gainera, Udalak Martzen lanak ezabatzeko agindua eman badu ere, artelanak enkargatu dizkio.
Isuna ez da Amorebieta-Etxanoko Udalak Martzi ezarritako lehendabiziko zigorra. Izan ere, 2020ko udan zigor espediente bat zabaldu zion. Errekurtso bat aurkeztu zen, baina espedienteak aurrera egin zuen. Horren ondorioz, apirilean Bizkaiko Foru Aldundiaren partez enbargo mehatxu bat jaso zuen margolariak. Gaur egun, horren aurkako errekurtso legal bat aurkeztuta du.