Zaintza eremu pribatutik, norbanakoaren erantzukizunetik, komunitariora igarotzeko egitasmoak ditu helburu EH Bilduk. Horregatik, “pertsona ardatz izango duen eredu komunitarioa” proposatu du datozen hauteskundeei begira, “zaintza beharrizanak dituzten pertsonentzat komunitate eskaintzak eratuko dituena”.
Autonomia murriztua duten, zein laguntza behar duten pertsonei, ahalik eta baldintza egokienetan, bizitza proiektua garatzen laguntzeko baliabideak aztertu eta beharrizanen arabera antolatzeko konpromisoa hartu du Zornotzako EH Bilduk, zaintza eredu komunitarioa abian jarriz. “Mendekotasuna duten pertsonak etxetik ahalik eta gertuen artatzeko, premia bakoitzari egokitzen zaion aukera” eskainiko diote. Zaintza behar duen pertsona erdigunean jartzen duen eredu baten alde egingo dutela adierazi dute.
Horretarako, pribatizaturik dauden herriko zaintza esparruak bere gain hartuko lituzke udalak, EH Bildu udal gobernuan egonez gero, hau da: etxez etxeko laguntza eta eguneko zaintza. Bestalde, herriko egoitzen egoera ezagutzeko ardura hartuko dutela jakitera eman dute, “bertako bizilagunen bizi kalitatea bermatzen dela ziurtatzeko”.
Adinekoen bakardadea oso egoera larria dela jakitun, inklusioaren aldeko apustua egiten du Zornotzako EH Bilduk, integrazioaren ordez. “Udalak baliabideak jarriko ditu bakardade egoeran zenbat zornotzar dauden jakiteko eta kasuz kasu egoerak aztertuko dira irtenbide egokiak bilatzeko”, azaldu dute.