Zornotza hobetzeko, EH Bilduk 2025erako proposatutako ekimen nagusiak

Zornotzar guztien ongizatea bermatze aldera, baliabide ekonomiko publikoak gizarte politiketan, politika feministetan, kulturan, kirolean eta ingurumenean inbertitzea planteatzen dugu.

Ildo horretan, iaz, hainbat neurri zehatz jarri genituen mahai gainean eta, oraingoan ere, hala egin dugu, Udal Gobernuak kontuan hartu ez baditu ere. Hona hemen proposamen horietako batzuk, laburbilduta:

1. Etxez etxeko arreta zerbitzua publiko egitea, langileen baldintzak hobetzeko eta zerbitzua kalitatezkoa izan dadin.

2. Herritarren ongizatea eta osasun mentala bermatzeko asmoz, laguntza bonoak ateratzea.

3. Larrialdi sozialera bideratutako diru-saila 440.000 euroraino handitzea.

4. Emakumeen* Etxea sortzea, Zornotzako Mugimendu Feministak, emakumeen elkarteek eta LGTBIQ+ kolektiboak euren espazio propioa izan dezaten.

5. Ingurumen teknikari bat kontratatzea, larrialdi klimatikoari eta horren ondorioei aurre egiteko tokian tokiko neurriak hartu ahal izateko.

6. Ur hornidurarako sarea modu progresiboan berriztea, ura alperrik galdu ez dadin.

7. Toki estrategikoetan lursailak erostea, gure ondare naturala babesteko.

8. Energiari buruzko aholkularitza gune bat martxan jartzea, komunitate energetikoak sortzeko lehen urratsak emateko informazioa eta laguntza eskaintzeko.

9. Gure herriko auzoak zaintzeko eta hobetzeko ekimenak: auzo guztietan buzoi berriak jartzea edo badaudenak egokitzea; auzoetako bideak berritzea; Kimeran argiteria eta zabor kontainer-ontziak jartzea; eta auzoetako jaietan erabiltzeko karpa bat erostea.

10. Larrea kiroldegiko rokodromoa berriztea.

11. Montorra auzora oinez joan ahal izateko irtenbide bat eskatu dugu.