Zornotzako EH Bildun jakin ahal izan dugunez, herriko osasun zentroan ez dago uneoro pediatria zerbitzurik, eta Etengabeko Arreta Gunean (EAG), adibidez, familia medikuek artatzen dituzte umeak, haien espezialitatea eta zeregina hori ez bada ere.
Zornotzako EH Bildutik salatu nahi dugu herriko anbulatorioan ez direla behar bezalako pediatria zerbitzua eskaintzen ari. Jakin ahal izan dugunez, pediatra titularra ordezkatzeko espezialitate horretako medikua ez da uneoro egoten, hala nola, Etengabeko Arretako Gune zerbitzuan.
Hori dela eta, EAGan familia medikuak artatzen ditu umeak pediatrarik ez dagoenean, alor horretako espezialistak ez badira ere. Jakitun gara ez dela Zornotzako osasun zentroan soilik jazotzen ari den gertaera bat eta guztiz onartezina eta larria iruditzen zaigu. Egoera honek erantzuleak ditu.
Sortu zenetik 40 urte betetzear diren honetan, inoiz baino nabariagoa da Osakidetzaren gainbehera, pribatizazioak eragin duena: anbulatorioak itxita edo ordutegi murriztuekin, lehen arreta gainezka, larrialdiak kolapsatuta, mediku eta erizainik gabeko anbulatorioak, langileen baldintza prekarioak, itxaron zerrenda luzeegiak… Zornotzako anbulatorioko pediatria zerbitzuaren gabeziak egoera honen beste sintoma bat gehiago baino ez dira.
Hori dela eta, dei egiten dugu bihar osasungintza publikoaren defentsan antolatu dituzten mobilizazioekin bat egitera.