Aranzadi Zientzia Elkartea indusketa lanetan ari da Zornotzako hilerrian; abenduko lehen fasean hamarnaka gudari eta milizianoren gorpuak aurkitu zituzten eta bigarren faseari ekin zioten atzo. Bertan izan ginen, haien lana bertatik bertara ezagutzeko.
Zornotzako hilerrian lanean ari da Aranzadi Zientzia Elkartea, abenduan hasitako indusketaren bigarren fasean. Bertan izan ginen atzo, gure kidea den Julen Arzuaga legebiltzarkidearekin batera, egiten ari diren lanaren berri izateko eta gure babesa adierazteko.
Hilerriko eremu horretan joan den urteko maiatzean lagina hartu zuten, 36ko gerra garaiko hobi bat zegoenaren susmoa zegoelako. Bazegoela egiaztatuta, abenduan ekin zioten lanei eta espero zutena baino gehiago aurkitu zuten: 50 gorputik gora, gudari eta milizianoenak.
Oraingo fasea aldameneko eremu batean hasi dute eta beste horrenbeste aurkitzea aurreikusten dute. Halaber, bigarren fase hau ez da gure herriko hilerrian izango den bakarra, bertaratu ginen ordezkarioi azaldu digutenez.
Aranzadi Zientzia Elkarteko bolondresak dira lanean ari direnak eta haiek borondate ona txalotu nahi dugu. Halaber, EH Bilduk memoria, justizia eta erreparazioarekin beti izan duen konpromisoa berretsi nahi dugu.