Zornotzako ostalaritza eta merkataritza sustatzeko EH Bilduren proposamena, eta Udal Gobernuaren erantzuna

Pandemiak kalte handia egin dio, besteak beste, Amorebieta-Etxanoko merkataritzari eta ostalaritzari. Gauzak horrela, EH Bilduk ondoko laguntzak proposatu ditu udaletxean herriko dendei eta tabernei laguntzeko: 

– 60.000 euroko laguntza berri bat ostalaritzarako: 1000 euro, gaueko aisialdiko (pubak eta diskotekak) ostalarientzat: 700 euro, hiru langile baino gehiago dituzten ostalarientzat; eta 500 euro, bat, bi edo hiru langile dituzten ostalarientzat.

-Amorebonoaren kanpaina berriro martxan jartzea, ostalaritzarako nahiz dendetarako.

-Terrazei buruzko araudi berri bat egitea. 2021eko urtarrilean, herriko hainbat eragilerekin batera terrazen araudi berri bat berrikusteko eskaera egin genuen, baina Udalak oraindik ez du ezer egin eta berehala lantzeko eskatu dugu.

UDAL GOBERNUAREN ERANTZUNA:

Gure proposamena aurkeztu ostean, EAJren Udal Gobernuak adierazi digu ezin dutela ostalaritzara diru-laguntza zuzenik bideratu, dagoeneko osasun larrialdi egoeran ez gaudelako -Eusko Jaurlaritzak otsailean indargabetu zuen pandemiagatik ezarritako larrialdi egoera-.

Horren ordez, Udal Gobernua prest agertu da guk proposatutako 60.000 euro horiek Amorebonoen kanpaina berri batera bideratzeko. Neurri horrekin, baina, ostalariak laguntzarik gabe geratzeko arriskua egon daitekeela uste dugu; izan ere, zenbat pertsonak erabiltzen dituzte Amorebonoak tabernetan?

Teorian, Amorebonoak dendetan eta ostalaritza establezimenduetan erabili daitezke, baina, praktikan, joera da bono horiek dendetan erosketak egiterakoan gastatzea.

Horrez gain, Udal Gobernuak baieztatu digu ez dutela terrazen araudia berritzeko asmorik.