Joan den udan Martz grafitigile zornotzarrari 2.300 euroko isuna jarri zioten eta bere obra guztiak kendu zituzten herriko kaleetatik. Ondoren, Guardia Zibilak Saioa Agirreri egindako torturak eta sexu-erasoak salatzeko Talde Feministak margotutako murala ezabatu zuten.
Duela 10 urte gertatutako indarkeria matxista kasu hori salatzeko ez dute inoiz adierazpen instituzionalik egin, ezta mobilizaziorik deitu ere. Baina murala ezabatzeko berehala mugitu dira. Zergatik? Lotsagarria.
Eta duela gutxi, Belatxikieta herriko tabernaren atarian duela 20 urte egin ziren irudiak kendu dituzte.
Amorebieta-Etxanoko Udal Gobernua artisten eta herri mugimenduen aurka ari da. Adierazpen artistikoak eta gustatzen ez zaizkion mezuak zentsuratzen ditu. Jarrera lotsagarria eta onartezina izaten ari da.
Hau guztia salatu dugu osoko bilkuran eta garbiketako udal ordenantza berritzea proposatu dugu, adierazpen askatasuna bermatzeko. Hala ere, Hirigintzako zinegotzi jeltzaleak argi utzi digu ez dutela ezer aldatuko eta autoritarismoaren bidetik jarraituko dutela: “Guztira, 17 udal ordezkari gara eta zuek 6 baino ez zarete”. Horixe izan da bere erantzuna. Horixe da EAJren kudeatzeko modua: inposizioa.
Hemen duzue, osorik, ostiral honetako (2022ko urtarrilak 28) osoko bilkuran egin dugun irakurketa:
Zornotzako EH Bildutik beti aipatu izan dugu, errespetu eta bide demokratikoak oinarritzat jarrita, herri mugimendutik edo norbanakoetatik modu desberdinetako adierazpenak egiteko eskubidea.
Zornotzan arazo handi bat dugu herri mugimenduaren adierazpen askatasuna urratzen baita. Eta hau askotan salatu dute elkarte ezberdinek eta arte-sortzaileek, eta baita geuk ere dagokion batzordean. Hala ere, eta nahiz eta batzordeburuak malgutasunez jokatu beharra onartu, badirudi botere gehiago duen norbaiten ikuspuntua gailentzen dela.
Kalean dauden aldarri, salaketa, kanpaina edo adierazpen artistikoak zentsuratzen ditu udalak, mural artistikoak, eraso matxisten salaketak, informazio kartelak… Herri mugimenduaren komunikazio esparrua kalea da.
Gai honetan, zer den polita edo zatarra, garbia edo zikina definitzea oso zaila da eta adierazpen askatasuna horren gainetik dagoen zerbait da. Azken finean, adierazpen askatasuna funtsezko eskubidea da eta bestea, aldiz, kontu estetiko hutsa.
Herri dinamikoa defendatzen dugu, herri kohesionatu bat, herrian errotutako herritarrak, identitatea duen herria, eta hau posible egiteko eragileak babestea ezinbestekoa da.
Urrunago joan barik azken egunotan ere inoren ezta ezeren aurkako adierazpenak ezabatu dira, ia 20 urte zituzten muralak, eta bidegabekerien biktima den herritar bati babesa adierazteko eginiko murala ezabatu dira. Erabakiak modu autoritario batean hartuz, kolektibo edo agente ezberdinekin kontsultatu barik.
Bi ekintzak, alde batetik horma-irudia egiteak eta bestetik ezabatzeak, ezin dira elkarrengandik urrunago egon elkarrizketa eta herritarren errotzearen parametroetatik begiratuz gero.
Lehenak batu, eraiki eta elkartu egiten ditu, sentipen komunetik eta partekatutik abiatuta. Bigarrenak interes partikular edo partidistetan oinarrituta kendu, suntsitu eta banatu egiten du, herritarren sentimenduen kontra.
Azken ekintza hauek lehendik gaiztotuta zegoen elkarbizitza bat, are gehiago gaiztotu dute. Elkarbizitza arazo honek desatseginak diren egoerak sortu ditu.
Adierazi nahi dugu, Zornotzako EH Bildu prest dagoela elkarbizitza hau bideratzeko ahaleginean indar guztiak jartzeko. Honetarako ezinbestekoa da, garbiketako udal ordenantza zaharkituaren berrikuspena eta ordenantza aurrerakoi baten alde pausoak ematea. Udalak orain arte borondaterik ez du izan bide hau jorratzeko, espero dugu inmobilismo horretatik ateratzea, nahiz eta argi itxi zigun batzorde batean hirigintzako batzordeburuak ordenantza hau bere gustukoa dela eta puntu asko ez direla aldatuko.
Hala ere, Ordenantza berriztearen prozesuak, oinarrizko baldintza batzuk eduki behar ditu; orain arte hirigintzako batzordeburuarengandik jaso dugun tratu autoritarioa alboratzea, argi utzi zigun nola ikusten gaituen: “17tik 6 besterik ez zarete”, esan digu sarritan. Baina, hala ere, tratu parekide bat merezi dugu eta ez harrotasunean eta paternalismoan oinarritutako jarduera politiko bat.
Guk jardun politikoa herritarren parte-hartzean oinarritzen dugu eta ordenantzaren berritzerakoan herri mugimenduak eta norbanakoek ahotsa eta parte-hartzea izan behar dute. Erabakiak hartzerakoan, eta proiektuak gauzatzeko kontuan hartu behar da herriko espazioak espazio bizi eta partekatua izan behar duela. Beraz, adostasuna lortzeko beraiekin lan egin behar da.
Udalak izan behar du elkarteen, plataformen eta herritarren laguntzarekin espazio libreen eskaintza barne hartzen duten adostasunezko irtenbideak lortzeko interesa duen lehena. Bere kudeaketa monopolizatu nahi izateak arrisku handia dakar, herriari estilo bat inposatzeko modu berri bat litzateke, herritarrak kontuan hartu gabe eta ikuspegi politizatu batetik.