Zornotzako Udal Gobernuak Gudari kaleko 11. portaletik lehenera doan errepide zatia ibilgailuentzat behin betiko ixtea erabaki du, ezustean eta alde bakarrez; izan ere, neurri hori hartu du oposizioko alderdioi, arlo horretako gaiak lantzen dituzten udal teknikariei eta kale horretako bizilagunei eta dendariei abisatu gabe.
Orain arte, aipatutako errepide zatia asteburuetan baino ez zuten ixten, alboan daukan umeentzako parkean haur gehiago egoten baitira jolasean. Aurrerantzean, ordea, astegun guztietan egongo da itxita, komunikabideetan irakurri dugunaren arabera.
Trafiko gutxiko errepidea da, baina bertako dendari eta bizilagunek haien komertzio eta etxebizitzetara ibilgailuz heltzeko duten bide bakarra da. Hori horrela, Zornotzako EH Bilduk uste du erabat desegokia dela neurri hori indarrean jarri izana, aurrez udal teknikariekin eta udaletxean ordezkaritza dugun gainerako alderdiekin aukera hori aztertu gabe.
Gainera, larritzat jotzen dugu kale horretako bizilagunei eta merkatariei aurrez informaziorik eman izan izana. Udal Gobernu baten gutxieneko jokabidea izan beharko litzateke edozein neurri indarrean jarri aurretik neurri horren eragina jasango duten pertsonak informatzea eta balizko kaltetuekin lanketa bat egitea.
Erabakiak alde bakarrez hartuz eta udal ordezkarioi eta herritarroi informazioa ezkutatuz hasi du legealdia EAJren Udal Gobernuak.