Iñaki Iza EH Bilduko Kultura, Kirola eta Euskara zinegotzia da. Laster bi urte egingo ditu ardura horretan. Euskarari buruzko ikerketak Amorebieta-Etxanon datu kezkagarriak eman dituela ohartarazi du, hainbat plan eta jarduera martxan jarri badira ere.
-Legegintzaldiaren erdialdera iristear gaude. Zelan daroazu EH Bilduren udal ordezkari kargua?
Orain artekoarekin gustura nago. Kargua hartu nuenean esan zidaten bezala, lehenengo urtea kokapen urtea izan zen eta orain beste ikuspuntu batetik ari naiz lanean. Pozik nago.
-Kultura segurua da. Hori aldarrikatzen dute kulturako profesionalek behin eta berriro. Kultura eta esparru horretako profesionalak kontuan izan ditu Udalak?
Bultzada emateko ahalegina egin dela esango nuke. Gabonetan, adibidez, adin guztietako jendeari bideratutako programazio berezia eskaini zen eta bertan ikusi zen kultura segurua dela; baita jendea kultura gosez dagoela ere.
-Zer emaitza eman ditu euskararen erabilerari buruzko azterketak?
Emaitzak benetan kezkagarriak dira. Euskarak espazioak behar ditu gure herrian. Izan ere, ikerketa berberak emaitza oso onak eman ditu Gernikan, non Astra edo Iparragirre elkartea bezalako guneak euskararen erreferentzia bihurtu diren eta eragina duten gazteen hizkuntza-identitatearen eraketan.
-Euskararen erabilera normalizatzeko zer ari da egiten Udala?
Gazteen euskara maila eta erabilera indartzeko “Mintzapraktikak online” programa dago. “Berbaldiak” bezalako jarduerak ere antolatzen dira pertsona helduentzat, nahiz eta pandemiak eragina izan duen parte-hartzaile kopuruan.
Udal Erabilera Plana ere hor dago, euskara Udalaren barneko lan-hizkuntza izan dadin, eta herritarrei ematen dizkien zerbitzuetan komunikazio-hizkuntza izan dadin. Hala ere, lehen esan dudan moduan, uste dut pauso bat harago joan eta euskarari behar duen espazioa eman behar zaiola Zornotzan.
-Larrako kiroldegiko zerbitzuak gero eta kritika gehiago jasotzen ditu herritarren aldetik… Baduzue horren berri?
Bai, izena emateko edota ordainketak egiteko sistema teknologia berrietara egokitu ez delako edo klase gutxi eskaintzen direlako -gehienak arratsaldez eskaintzen dira- kexatu dira erabiltzaile asko.
Pandemiaren ondorioz, aforoak mugatuta daude kiroldegian eta aurretiazko zita hartzea ezinbestekoa da. Orain dela gutxira arte, telefonoz deitu behar zen gimnasiora edo igerilekura joateko hitzordua hartzeko. Urtarrilean, programa informatiko bat jarri zuten martxan eta zita Internet bidez hartu daiteke harrezkero.
Aspaldi azaldu genituen arazo hauek guztiak Kultura eta Kirol Batzordean. Hitzorduak online hartu ahal izateko sistema ezartzea ere eskatu genuen. Baina hilabeteak pasatu dira konponbidea jarri duenetik eta jakin badakigu denbora-tarte horretan zornotzar batzuk inguruko herrietako kiroldegietara joan direla, han erraztasun gehiago ematen zizkietelako.