“Etxebizitza ibilbidea” eta ekitaldia egin ditu EH Bilduk Zornotzan, Idurre Bideguren senatariarekin

Zornotzako EH Bilduk antolatuta, “Etxebizitza ibilbidea” egin dute gaur Zornotzan. Herrian eraikitzeko asmoa dagoen etxeen nolakotasuna azaldu eta alderdi soberanistaren proposamenak azaldu dituzte. Idurre Bideguren senatariak hartu du hitza bukaeran, eta neurri ausartak hartzeko beharra azpimarratu du.

HAPOaren onarpena dela eta, Izaskun Ojanguren eta Ander Uriarte eta zinegotzien eskutik ibilbidea antolatu du Zornotzako EH Bilduk. Herriko 11 puntutan geldialdiak egin dituzte, bertan eraikitzeko asmoa dituzten etxebizitzen nondik norakoak aletu dituzte. Dozenaka herritarrek hartu dute parte eta Idurre Bideguren senatariak gidatutako ekitaldi politikoarekin eman diote amaiera.

Ibilbidearen hasieran azaldu dute HAPOak datozen 20 edo 25 urteetan herriak izango duen bilakaera baldintzatuko duela. Horrela, azpimarratu dute Udalak ez duela lurzorurik erosi eta, beraz, dena dela pribatua une honetan. Halaber, ez dago aurreikusita alokairu sozialera etxebizitzarik bideratzea.

2.000 bat etxebizitza berri egitea aurreikusten badute ere, zinegotziek azpimarratu dute ez direla biztanleriaren gorakadari erantzuteko beharrezko zerbitzuak sortuko, hala nola, kultur guneak, gizarte etxeak, osasun zentroak edo gune berdeak. Era berean aparkatzeko hainbat gune kenduko dituzte alternatibarik sortu gabe, hala nola, gaur egun barrakak jartzen diren parkina edo Jauregizar auzoan dagoena, besteak beste.

Horren aurrean, Ander Uriarte zinegotziak azaldu du EH Bilduk etxebizitza babestua legeak ezarritako minimoaren gainetik eskaintzea proposatzen duela. Era berean, hutsik dauden etxebizitzen inbentarioa egiteko beharra azpimarratu du, herriaren egoeraren diagnostiko egokia egite aldera. Halaber, alokairu sozialera bideratutako etxbebizitzak lehenestearen alde egin du.

Etxebizitzak behar direla aitortu du, baina “etxebizitza irisgarriak”, eta horretarako gobernu aldaketaren beharra aldarrikatu du. “Zornotzako EH Bilduk baditu proposamen zehatzak egoerari aurre egiteko”, adierazi du. Hala ere, alderdikeriak alde batera utzi eta elkarrekin, herri bezala, aurrera egiteko deia luzatu du.

Idurre Bideguren: “Kezkatzen gaitu jendea itota bizitzeak”

Ildo beretik Bidegurenek etxebizitzaren auziak egunerokotasunean duen garrantziaz hitz egin du bere hitz hartzean. Denari eragiten diola azaldu du, aisialdiaz disfrutatzeko gaitasuna mugatzen baitu, baita ingurukoak zaintzekoa ere, besteak beste. “Kezkatzen gaitu jendea itota bizitzeak”, azaldu du.

Herriz herriko planak goraipatzeaz gain, Eusko Jaurlaritzak plan sektorialak bultzatu behar dituela azpimarratu du, egoerari buelta emate aldera. Ildo beretik, gazteei bereziki eragiten dien auzia dela azaldu du, gaur egun, duela urte gutxi baino askoz aukera gutxiago dauzkatela etxebizitza eskuratuta.

Instituzio gehientxuen aldetik “erantzun okerrak” ematen ari direla argi ikusten du Bidegurenek, kontua ez baita gehiago eraikitzea, baizik eta “nola, non, zergatik eta norentzako” eraikitzen den. Izan ere, uste du “korapilo desberdinak” dituela aferak eta dena askatu ezean, ezinezkoa izango dela behar bezalako erantzun bat ematea.

“Dekretuek etxe jabe txikiei eragiten diela dionak espekulatzaile deitzen die jabe txikiei”, azpimarratu du Bidegurenek, eta etxebizitza arautzeko beharra berretsi du.