“Ahaztuak sentitzen gara”

Zornotzako Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileak borrokan ari dira lan-baldintzetan hobekuntzak eskatzeko. Sektore feminizatua eta pribatizatua da, eta langileek “ahaztuak” sentitzen direla diote. Beren egoera eta eskaerak gertutik ezagutu nahi izan ditugu.

Zeintzuk dira zuen lan-baldintzak?

Eskuragarri egon behar dugu 06:00etatik 22:00etara. Legez kanpokoa da, ez dago Langileen Estatutuko artikulurik ordu-prestasun hori babesten duenik.

Enpresa ohartarazi behar izan dugu, ordezkari sindikalaren bitartez, ez zirelako errespetatzen langile orok behar dituen atseden-orduak, 12 izan behar baitira. Eta, zer egin dute? Bada, 12 ordu bete daitezen, goizeko zerbitzu bat kendu diote langile bati. Jakina, familia kexatu egin da laguntzailearekin pozik zegoelako eta kaos bat izaten ari da.

Zerk eragin ditu mobilizazioak?

Gure baldintza ekonomikoak eta ongizate pertsonala hobetu nahi genituen. Gure arazoa da, azkenean, etxez etxeko laguntzaren sektoreak ez duela ikusgarritasunik. Komentuko azken tximuak gara.

Ikusi besterik ez da egin behar eguneko zentroari sariak ematen zaizkiola eta gu ez gaituztela aintzat hartzen. Gure eginkizuna oso garrantzitsua da, baita eguneko zentroak funtziona dezan ere. Dutxatuta eta txukunduta joan daitezen arduratzen gara, festa bat dutenean jantzita nola joan behar duten esaten dizute eta gu arduratzen gara…

Gainera, bakarrik gaude etxeetan, erasoak jasaten, fisikoak zein berbazkoak.

Zein izan da udalaren eta enpresaren beraren erantzuna?

Udalarena ezer ez, eta enpresarena beste horrenbeste. Alkatearekin eta zerbitzua ematen duen Urgatzi enpresaren kudeatzaile batekin bildu gara.

Tenis-partida batean egotearen sentsazioa genuen. Oso haserre atera ginen, ez baitzen ezer konpondu. Udaleko osoko bilkuran eta batzordeetan egon garenean, berdin.

Adibidez, borrokatu dugu aurten abenduaren 24an eta 31n 15:00etatik aurrera lanik ez egiteko, eta ez 20:00ak arte, guk ere familia baitugu. Ados daudela esaten digute, baina norbait behar izanez gero joan egin beharko dela. Inork ez du erantzukizunik hartzen, batak besteari pasatzen dio pilota.

Pleguak onartzeak zer eragin du zuentzat?

Oraingoz, ezer ez, urtarrilaren 1ean sartu baita indarrean. Gainera, badakigu enpresa bera geratzen dela, baina ez digute haiek jakinarazi. Denerako azkenak gara, eta oso frustragarria da.

Mobilizatzen jarraituko dugu, eta babesa eskatzen diegu alderdi politikoei. Sektore feminizatu bateko langileak gara eta, gainera, herrikoak. Azken finean,  ahaztuak sentitzen gara.

Egia da mobilizazioekin ikusgarritasun gehiago izaten ari garela eta herritarrek galdetzen digutela. Senideak gehiago bustitzea gustatuko litzaiguke.

Leave a comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude