Ander Uriarte Pujana izango da EH Bilduren alkategaia Amorebieta-Etxanon 2023ko Udal Hauteskundeetan, koalizio soberanistaren oinarri sozialak bere hautagaitza berretsi ostean.
- Berriro izango zara Zornotzako EH Bilduren alkategaia. Zelan helduko diozu ardura horri?
Egia da ondo baloratu beharreko erabakia izan dela, baina ohore handia izan zen duela lau urte herriaren babes hori izan nuela ikustea. Hori izan da, batez ere, erronka onartzeko arrazoi nagusia. Orduko errespetu eta ilusio berdinak mantentzen ditut, baina eskarmentuan asko irabazi dugula uste dut. Oso harro nago egin dugun lanarekin, baina, esango nuke oraindik gauza asko ditugula egiteko. Amorebieta-Etxano hobea eraikitzeko proiektu eta neurri zehatzak ditugu, eta horiek martxan jartzea da gure helburua, baina horretarako Alkatetzan egotea ezinbestekoa da. Eta hori da Zornotzako EH Bilduren helburua: Amorebieta-Etxanon gobernatzea.
- Legegintzaldia amaitzeko sei hilabete eskas baino ez dira geratzen. Zein da egiten duzun balorazioa?
Egia esan nahiko gogorra izan da. Pandemia dela eta, bi urtez gauza asko geldi edo erdi geldirik egon dira. Orduan, lehentasuna egunean-egunean agertzen ziren beharrizanei erantzutea izan zen. Bide batez, Elkartasun Sareak egindako lana goraipatu nahiko nuke. Gainera, egoera horri, legegintzaldi osoan, Gobernu Taldea gehiengo absolutu batean egon dela gehitu behar zaio. Nahiko frustragarria izan da guztia. Gero eta argiago ikusten dugu herri honek norabide aldaketa bat behar duela. Gauzak beste modu batera egitea posible da. Inguruko herrietan ikusten ari gara hori. Zornotza ezkerretik eraiki nahi dugu. Politika guztiontzat egin behar da, bizi-baldintza duinak pertsona guztientzat bermatuz. Ezin dugu inor atzean utzi.
- Hiria Antolatzeko Plan Orokorra (HAPO) onartuko du laster Udal Gobernuak. Zeintzuk dira egitasmo horren gako nagusiak?
Bada, momentu honetan faserik garrantzitsuenean dago prozesua: ekarpenak edo helegiteak aurkezteko unean, hain zuzen ere. HAPOa udalerri batek izan dezakeen dokumentu garrantzitsuenetariko bat da. Bertan udalerria etorkizunean nolakoa izango den egikaritzen delako: hirigintza, industria-guneak, zerbitzuak… Zorionez, joan den urriaren 28an egindako Osoko Bilkuran, planaren onarpena abenduaren 31ra arte atzeratzea lortu genuen, guk hala eskatuta. Izan ere, horrelako dokumentu bat eratzeko herritarren parte-hartzea ezinbestekoa da, eta, ildo horretan, nahiko negargarria izan da horretarako Udaletik planteatu diren prozesuak. Era berean, herritarrak ere ondo informatu behar dira. Plan horrek eragin handia izango du eta ondorio handiak ekarriko ditu. Eta horretan ere Gobernu Taldeak oso gaizki jokatu du: ez du bere eskura zegoen guztia egin herritarrak informatzeko.
- Zeintzuk dira, zure ustez, plan horren alde negatiboak?
Etengabeko hazkundea aurreikusten da. Azken 10 urteotan 3.000 biztanleko hazkundea izan du Zornotzak. Hori gutxi ez balitz, datozen 10-15 urteetan, 1.450 etxebizitza berri eraikiko dituztela aurreikusten da; hau da, 23.000 biztanlera heltzeko arriskua dago. Gainera, zerbitzuen kasuan, ez da hazkunde bera espero, inondik inora! Kontrajarriak diren ideia bi direla iruditzen zaigu: gero eta gehiago izango gara Zornotzan, baina zerbitzuen kopurua bere horretan utziko dute.
Horrez gain, komertzioa ere salduta geratuko da. Izan ere, azalera handiko saltoki guneak herrian kokatzeko arriskua ekarriko du plan berriak. Kirol azpiegiturei dagokionez, herrian dagoen gabeziari ez zaio globalean erantzungo, partxeak jartzen jarraituko dugu.
Bestalde, lurzoru industrial handia dago aurretik garatu gabe, baina, hala ere, industriara zendutako lursail gehiago aurreikusten dira planean… Gai mamitsuegia da galdera bakar batean erantzuteko, baina argi esan dezakedana da aurrean jarri zaigun herri eredua ez dela guk gura duguna. Hori ez da EH Bildu Zornotzak nahi duen herri eredua.
- EH Bildutik hainbat zuzenketa aurkeztu dituzue. Zeintzuk? Zer gertatu da zuen proposamenekin?
Hainbat proposamen aurkeztu ditugu. Esaterako, Ixerbekoa kiroldegia bota nahi dute etxebizitza pribatuak egiteko. Udal azpiegiturak bota, lurzorua interes pribatuen mesedetan uzteko… Astakeria da hori! Ixerbekoa, erabilera anitzeko espazio zoragarria izan daitekeela uste dugu, baina bota egingo dute.
Horrez gain, Vallet atzealdeko lurzoruetan, kirol-gune berri bat eraikitzea proposatu dugu, kirol taldeen eta herritarren beharrizanei erantzuteko gai izango dena, diziplina anitzekoa…
Bestalde, etxebizitza sozialen gabezia izugarria daukagu Zornotzan. Halaber, ez dugu uste lurzoru industrial berriak garatu behar direnik. Oraindik garatu gabe dagoena garatu beharko litzateke lehendabizi. Arestian esan bezala, merkatari txikiak bai ala bai babestu behar ditu Udalak. Alabaina, 2.500 m2-tik gorako azpiegiturak eraikitzeko aukera egongo da, eta hori onartezina da; hori herriko merkatarien kalterako izango da. Oro har, gure proposamen txiki batzuk jaso dituzte, baina garrantzitsuenei entzungor egin zaie. Hala ere, denbora daukagu egoera aldatzeko, eta horretan saiatuko gara.
- Auzoz auzo ibili zarete planaren xehetasunak herritarrei azaltzeko. Zein erantzun jaso duzue herritarren partetik?
Bai, jendea zeharo eskertuta agertu da egia esan. Santa Luzia, Vallet, Leginetxe, Larra, Euba, San Antonio, Ogenbarrena… Auzotar askorekin elkartzeko aukera izan dugu. Eta egia esan, oso aberasgarria izan da. Izan ere, udal ordezkariak gutxitan hurbiltzen gara haiengana, eta hurbiltzen garenean, bada, asko eskertzen dute. Auzo ugari ditu gure herriak eta auzo bakoitza mundu bat da, askok herri txikiak balira bezala funtzionatzen dute. HAPOak beraien inguruan eragingo duena azaltzen joan gara eta, bide batez, haiek esateko dutena entzutera.
Harrigarriena izan da, planari buruz gauza oso gutxiren berri zutela orokorrean. Areago, kaltetuak izango direnak ere inolako informaziorik ez zutela konturatu gara. Bai eurak eta bai gu, zur eta lur geratu gara. Ekarpenak eta alegazioak egitera animatu ditugu kaltetu guztiak, eta horretan laguntzeko prest agertu gara. Leku batzuetan sinadura bilketak egiten hasi dira jada.
- Zornotzarrekin harreman zuzena mantentzeko ahalegina egin duzue legegintzaldia hasi zenetik: ostalariekin, dendariekin, herritarrekin… bildu zarete.
Ikasturte politikoa hasi eta gutxira pandemia etorri zen. Momentu horretan, premiazko beharrizanei erantzutea izan zen lehentasuna. Dendari eta ostalarientzat kontingentzia plan bat aurkeztu genuen, bi horiek izan baitziren sektorerik kaltetuenetarikoak. Komertzioz komertzio eta tabernaz taberna, gure proposamena zein zen azaltzen ibili ginen. Bide batez, haien beharrizanak zeintzuk ziren ere jaso genuen.
Normaltasuna berreskuratzen joan ginen heinean, herriko kultur eta kirol elkarte ezberdinekin ere bilera-sortak jarri genituen martxan, datorren urterako aurrekontu propioak egitea dugu helburu-eta. Gure herri-eredua ardazteko aurrekontua, hain zuzen ere. Horretarako, herritarrengana eta gizarte-eragileengana joatea ezinbestekoa da.
Gaur egungo politika pertsonengandik oso urrun dago. Distantzia hori murriztea nahitaezkoa da. Guk, herriarekin egin nahi dugu politika, eskutik helduta. Herritarren eta gizarte-eragileen ahotsa izan behar gara udaletxean, eta hala egin ezean, norabide okerrean joango gara.