Aurrekontuen aurka bozkatu dugu, gure eredu ekonomikotik oso aldenduta daudelako

EH Bilduk EAJren eta PSOEren Udal Gobernuak 2026rako aurkeztutako aurrekontuen aurka bozkatu du, gure eredu ekonomikotik oso aldenduta daudelako eta ez direlako egin ditugun emendakinak aztertu ere egin.

Amorebieta-Etxanoko Udaleko Osoko Bilkurak 2026ko udal aurrekontuen bozketa burutu zuen 2025eko azaroaren 25ean, eta EH Bildu Zornotzak aurka bozkatu zuen bi arrazoi nagusi argudiatuta: Batetik, aurrekontuak gure eredu ekonomikotik oso aldenduta daude, eredu ekonomiko sozial, feminista eta ingurumenarekiko konpromisoetatik urrun dauden aurrekontuak dira, zementu eta makro-proiektuak lehenesten dituztenak; bestetik, gure udal taldeak aurkeztu dituen emendakinak inolako azterketarik gabe baztertu direlako.

Honakoak izan dira EH Bildu Zornotzak aurrekontuak osatzeko helburuarekin aurkezturiko proposamenak, arloz arlo:

1. Gizarte Zerbitzuak

Aurrekontuaren igoera eskatu dugu, oinarrizko gizarte-laguntzen handitze esanguratsua, mendekotasunarekin lotutako esku-hartzeen ugaritzea, egoera zaurgarrian dauden herritarren arreta intentsitatearen gorakada eta osasun mentalaren arloko premia eta eskaria handitzea tarteko. Halaber, Emakumeen Etxea sortzeko aurretiazko azterketa tekniko-soziala egitea proposatu du, berdintasun politiketan aurrerapauso eraginkorrak eman ahal izateko.

Horrela, hauek dira proposatutako partidak: psikologo-bonoak, Emakumeen Etxea sortzeko ikerketa (beharrak, espazioak, funtzionalitatea…) eta SAD zerbitzuaren publifikazioari buruzko ikerketa.

2. Ingurumena
• Lurren erosketa: San Juan Ofrendo, Arezti, Bizkargi eta erabilera publikoko basoak eskuratzea, biodibertsitatea indartu eta naturguneak babesteko.
• Ingurumen-teknikari baten lanpostua sortzea: politikak eta proiektuak modu profesional eta koherentean kudeatzeko.
• Ur-sarearen berritzea eta hobekuntza: hornidura bermatu, isuriak murriztu eta azpiegituraren egoera hobetzeko.
• Ingurumenari buruzko Herritarren Arretarako Bulego berria sortzea.
• Onura Publikoko Mendien kudeaketa-plana egitea.

3. Hiritartasuna
• Udal lonjen bateratzea, elkarteak espazio egokiagoetan integratzeko
• Karpa baten erosketa auzoetako jai eta ekitaldietarako
• Etxebizitzaren inguruko ikerketa sakona: herriko egoera, premia eta bilakaera ezagutzeko

4. Lurraldea
• Ixer erabilera anitzeko proiektuaren ideien lehiaketa
• Auzoetako azpiegitura eta zerbitzuak hobetzea:
◦ Buzoi berriak eta panel informatiboak
◦ Oromiñoko saneamendu-sarea
◦ Auzoetako bideen egokitzapena
◦ Argiteria handitu Bernagoitian, Euban, Boroan, Etxano eta San Isidron

5. Langileria

Administrari laguntzaileen egokitzapen ekonomikoa, kategoriaz gorako eginkizunak egiten ari diren langileei ordainsari bidez aitortzeko.

Bukatzeko, iragarri genuenez, ezezkoa bozkatu genuen udal gobernuak politikarientzat onartu duen soldata igoerari, egungo ordainsariak, eginkizun publikoarekin eta herritarren aurrean dugun erantzukizunarekiko nahikotzat iritzita. Testuinguru sozial eta ekonomikoa kontuan hartuta, lehentasuna izan beharko luke udal baliabideak zerbitzu publikoak indartzera bideratzeak, eta ez kargu politikoen ordainsariak berriro handitzera. Izan ere, Amorebieta-Etxanoko alkatea gehien kobratzen duten Espainiako alkateen zerrendan 17. postuan dago eta Bizkaian 5. postuan, urtean 87.298 euroko soldatarekin.